Arkaitz Sukuntza Alkorta

2016/03/04

youtuberrak

Denok ezagutzen dugu Youtube sare soziala. Bideoak partekatu, iruzkindu edo bilatzeko orduan Google-ena den plataforma hau asko erabiltzen dugu. Baina ba al dakizu badagoela Youtubez bizi denik edota sare sozial honekin dirua irabazten duenik?

Youtuben bideo bat ikusten dugunean maiz agertzen da iragarkiren bat. Enpresek badakite plataforma honek ikusle asko dituela eta euren iragarkia bertan jartzeko ordaintzen dute (Youtube Ads plataforman). Youtubek iragarki horiek gehien ikusten diren kanalen bideoetan jartzen ditu, ikusle gehiago izateko helburuarekin. Beraz, kanal horien jabeei saritzeko modua, iragarkien diruaren zati txiki bat ematea da.

Youtuben bideo bat igotzen dugunean, diru-sarrerak lortu nahi dugun adierazi dezakegu. Modu horretan plataformak, gure bisitak eta harpidedunak aztertuko ditu, iragarkiak gurean sartzeko aukerarekin. Sare sozial honek dituen erabiltzaile aktibo horiei, dirua irabazten duten horiei hain zuzen ere, Youtuberrak deitzen zaie. Bitxia den arren, gaur egun ogibide bihurtu da duela 10 urte bideo arruntez josita zegoen plataforma. Kalitatezko edukia aurki dezakegu eta denbora pasa gehigarria izan daiteke, telebistaren antzekoa.

Euskal Youtuberrak

Ez gara urruti joan behar Youtuberrak aurkitzeko, Euskal Herrian Youtuberrak badaude eta. Sarrera honetan hiru Youtuber ezberdin aurkeztuko dizkizuegu ezagutu eta interesa baduzue, jarrai ditzazuen. Youtubez bizi direla esatea gehiegizkoa da, azken finean, milioi bat harpidedunetik gorako erabiltzaileek esan dezakete hau eta. Baina, Youtubek euren bizimodua aldatu duela esan dezakegu ordea. Sinisten ez baduzue, animatu eta ikusi beraien Youtube kanalak:

Maitane Segurola

Aurpegi ezaguna dugu Maitane euskal kulturan, izan ere modeloa izateaz gain, aurkezle moduan lan egin izan du euskal telebistan. Elkarrizketak, bizimodua eta tutorialak hizpide, maitanesegurola.com web-orrian biltzen ditu plataforman igotzen dituen bideo guztiak. Hona hemen bere bideo  bat, argazkitan gure burua hobeto ikusteko 3 trikimailu ematen dizkigu:

Iban Garcia

15 urteko Azkoitiarra dugu Iban eta bere hitz egiteko modu xelebreak egin du horren ezagun sarean. Umorea aitzaki, egunerokotasunean izan ditzakegun gertaerak aipatzen ditu bere bideoetan. Adibidez, hemen duzuena, euskarazko kanalean bisita gehien dituen bideoa da:

Zuri (Sleeptak)

25 urteko haur hezitzailea, ipuin kontalaria eta ilustratzailea da Zuri. Youtubeko bi kanal sortu ditu, bata, Sleeptak, 2-6 urte bitarteko umeentzat zuzendua. Sleeptak kanalean, eskulanak, errezetak, zientzia, istorioak… umeen lengoaian aurkituko ditugu. Bigarren kanala YumeToki da, helduentzat bideratua eta gazteleraz. Bertan helduak haurrekin jokatzeko orduan gomendiak aurkituko ditugu. Adibide gisa, Sleeptak kanaleko¬†udazkenari buruzko bideo hau: