Ainhoa Iribar Lizeaga

2021/01/22

Lan blokeoak

Entzun audio formatuan

Presaka bizi garen garai hauetan, eta burua informazioz beteta, gerta liteke, lan baten aurrean blokeatuta gelditzea. Argi izan blokeo horrek ez duela esan nahi lan hori egiteko gai ez garenik, baizik eta egoera eta momentu zehatz horretan lan horri eusteko indarra falta zaigula.

Indar falta hori, lehen esan bezala, askotan gain-informazioari eta estresari dagokio. Esan genezake horrelako egoeraren aurrean lainotutako paisaia bat besterik ez dugula ikusiko, eta parean duguna zehatz-mehatz ikusteko zailtasunak izango ditugula.

Erlojuak, ordea, ez du etenik onartzen, eta epemugen presioak are eta gehiago estresatu eta blokeatu gaitzake.

Zer egin?

  1. Lehen aukera, besterik gabe gelditzea litzateke, estatiko eta lehor. Momentu horretan blokeo horrek behar baino leku gehiago hartu du eta horren kontzientzia hartzea beharrezkoa izango da. Kasu honetan lana egin gabe utziko genuke, beste egun batean heltzeko berriz.
  2. Bigarren aukera, lankideei nola sentitzen garen adieraztea litzateke, eta laguntza eskatzea.
  3. Hirugarren aukera, blokeoari aurre egitea, laguntzarekin edo laguntzarik gabe, baina ekitea. Erraza dirudi baina oso zaila aldi berean, amildegi batean salto egitera goazela sentituko dugu eta.

Azkeneko bide hau aukeratuz gero, argi izan behar dugu, lan zehatz hori hasieran pentsatuta genuen bezain ondo ez dela aterako. Ziurrenik ez da oso lan bikaina izango, baina blokeoari aurre egitean apurtu dugun paretak askoz ere indar gehiago emango digu hurrengo erronketarako. Beraz, zalantzarik gabe, EKIN.

Bide batez, mila esker Goretti lankideari sarrera hau idazteko garaian eskainitako desblokeoagatik.