Goretti Aranburu Epelde

2020/12/18

2020 urteak bizitzeko modu berriak erakutsi dizkigu. Gaininformazio garai honetan diseinuak indar berezia hartu duela esan nezake, eta batez ere, esan nahi den hori modu erraz eta eraginkor batean adieraztea ezinbestekoa bilakatu dela uste dut. Horretarako, diseinatzeko gako zaharrak modu berrian erabili beharko ditugu.

Hona hemen beraz, diseinu on bat egiteko betiko hainbat gako:

  1. Kontzeptua:
    Oinarri on bat gabe ezin genezake helbururik lortu. Zer da adierazi nahi duguna?
  2. Denboraz kanpokoa izatea:
    Diseinu on batek ez du zerikusirik joera eta modekin, unibertsaltasun eta denborazkotasuna gorde ohi du.
  3. Sormena eta diseinua koordinatu:
    Kontua ez da diseinu koloretsu edo ikusgarria egitea. Harmonia gorde behar du, gainkargarik ez izateko eta oinarrizko kontzeptua ulertzeko.
  4. Aldakortasuna:
    Diseinu on bat, egoera, plataforma eta publiko desberdinetara egokitzen dena da. Zaila dirudi, baina lortzen denean magia sortzen da!
  5. Berritzailea:
    Interesa eta esploratzeko gogoa sortuko dituen hori. Diseinuak beti erakutsi beharko luke berrikuntza, nolabait.
  6. Sinpletasuna:
    Gutxik asko adierazi lezake. Ez da irudi, elementu, kolore edo eta informazioarekin gainezka egin behar. Nahi denaren kontrako efektua lortuko baitugu bestela.

Kontzeptu errazak dirudite, baina nire ustez nahiko gogorrak dira, eta askotan zailak aplikatzeko. Diseinu on batek, batez ere, begirada berri bat eskatzen duelako.

Eta datorren urterako hauxe opa dizuet guztioi.

Begirada berri on!