Martxan bezeroari arreta mundu digitalean

Bezeroei arreta mundu digitalean

2015/11/13

Egunero egunero sare sozial ezberdinak erabiltzen ditugu etengabe gainontzekoekin komunikatu eta beraien berri izateko. Estatistikek argi azaltzen dute, egun bakar batean ohiko erabiltzaile batek batazbeste 14 aldiz kontsulta dezakela bere Facebook orrialdea. Argi dago beraz, sare sozial ezberdinak gure bizitzan izugarrizko eragina izatera iritsi direla.

Komunikazio bide berri hauek gure aisialdirako erabiltzen ditugula argi dago beraz, baina zer gertatzen da enpresa munduan hauek erabiltzeari ekiten badiogu?

Enpresa adituek, honen inguruan hitz egiten dutenean, bere abantaila azpimarragarrien artean, hauek aipatzen dituzte:

  • Berehalako erantzun bat emateko aukera dago, telefono zein e-posta baino azkarragoa izanik. Bezeroek enpresa batek ordu batean baino gutxiagoan erantzutea espero eta positibotzat jotzen dute.
  • Sare sozialak erabiliz, sortu daiteken edozein arazo egoki kudeatuz gero, bezeroaren satisfazio maila altua lor daiteke eta arazotik gauza positiboak ateratzea lor daiteke.
  • Bezero berriak lortu eta  markaren ikusgarritasuna handitzeko aukerak handitzen dira.
  • Bezeroek enpresaren inguruan ondo hitz egiten badute, beste pertsona batzuk erakartzea lor dezakete.
  • Bezeroei zuzenean hitz egin eta hauek ezagutzeko bide berri bat sortzen da.
  • Lehiakide zuzenak sare sozialetan daudenez, enpresari komeni zaio bertan egotea ere, atzean geratzea ekiditeko asmoz.
  • Lehiakideek zertan ari diren jakin eta sektorearen azken berrikuntzen inguruan informazioa lor daiteke.
  • Langileen motibazio eta autonomia maila indartu dezakete.

Abantailen zerrenda luzea izanik, desabantailak existitzen direla ere aipatzea komenigarria iruditzen zaigu:

  • Sare sozialen kudeaketa etengabea eramango duen pertsona bat behar da erakundean.
  • Pertsona hau trebatu beharra dago, sare sozial korporatiboen kudeaketa egoki bat ziurtatzeko asmoz.
  • Enpresak kritika onak jasotzen dituen bezalaxe, kritika txarrak jasotzeko aukera dago ere.
  • Gaizki bideraturiko kexa batek, erakunde guztiaren irudi negatiboa zabaltzea ekar dezake.
  • Sare sozialak esparru pertsonalean edo aisialdirako erabili behar direnaren uste zabaldua, denbora galera bezala ikusiak.

Ikusten duzuenez,orokorrean alde positiboek negatiboei irabazten diete kasu honetan eta pentsa dezakezuen bezala, gu sare sozial korporatiboak erabiltzearen aldekoak gara, baina beti ere bi gauza hauek kontutan hartzen badira:

  1. Ezer egin baino lehen erakundearen ezaugarri eta helburuekin bat etorriko den sare sozialen estrategia finkatu.
  2. Behin estrategia finkatu dugunean,  enpresa mailan sare sozial korporatiboak erabiltzen hasteko prozesu gradual bat zehaztu eta errespetatzea oso garrantzitsua da.

Gauzak honela,  argi dagoena da bezeroak esparru digitaletan daudela, bertan erosteari ekiten ari direla eta bide berdina erabiliz, enpresekin komunikatu nahi dutela.

Beraz, gaur egungo enpresa txiki, ertain nahiz handien erronka nagusienetako bat, eraldaketa digital honen parte bilakatzea da.

Partekatu: