Beterri Saretuz jardunaldia

Bertikaltasuna etzaten

,

2019/11/15

Beterri-Saretuz-ek enpresetan parte hartzearen inguruan antolatutako jardunaldian gure esperientzia kontatzera gonbidatu ninduten aurreko astean. Jardunaldiaren kronika egitea bainoago, testu honen helburua kokatze ariketa bat egin eta gaiaren inguruko nire hausnarketak planteatzea da.

 

Jardunaldian jasotako gakoak

Beterri Saretuz enpresa sareak bere buruari jarritako erronka ez da makala: Beterri-Buruntza eskualdeko enpresetan pertsonen partaidetza nola ulertzen den elkarlanean aztertu, eta guztiontzat interesgarriak izan daitezkeen praktika edo esperientziak berriro jendarteari itzultzea, enpresa ekosistema eraldatzaile bat sortzeko asmoz.

Lehen jardunaldi honetan (ikasturte honetan zehar hiru jardunaldi ireki antolatuko dira) Gezki institutuko Aitor Bengoetxeak gaiaren kokapen bat egin zigun, ikuspegi juridikotik. Parte hartzean oinarrituta lan egitea barneratuta izan arren, esparru honen inguruko nire ezagutzak oso oinarrizkoak ziren ordura arte eta marko orokorra zein den jakiteko balio izan zidan.

“Partaidetzaren marrazketa juridikoa egiteko eskumena Estatuarena da esklusiboki. Arkatz fina geratzen da gure esku” Aitor Bengoetxea.

Bere hitzaldian zehar jabetzan, zuzendaritzan eta emaitzetan (mozkinak egon edo ez) parte hartzeko aukeretaz aritu zen. Enpresa bakoitzaren izaera juridikoaren arabera aukerak oso ezberdinak direla ikusi genuen.

Jarraian eskualdeko enpresa ezberdinetako ordezkariok gure esperientzia azaldu genuen, parte hartzearen hari ezberdinei tiraka. Oso interesgarria izan zen arlo teorikotik haratago bakoitzak parte hartzea nola gauzatzen duen ikustea. Tamaina, izaera, historia oso anitzetako esperientziak izanagatik ere, argi geratu zen batak bestearengandik asko dugula ikasteko.

Beterri Saretuz jardunaldia

 

Hainbat hausnarketa

  1. Ondo ari gara: parte hartzea onuragarria da langile, enpresa, zein komunitatearentzat. Gure jardunean parte hartzean oinarritzea hautu sozio-politiko bat da eta harro gaude.
  2. Kooperatiba da gaur gaurkoz parte hartzea gehien errazten duen forma juridikoa, lan zuzenbidea ez aplikatzeak joko zelaia zabaltzen duelako.
  3. Asko daukagu egiteko: kooperatiba izate hutsak ez du parte hartzea bermatzen. Eguneroko prozedura eta informazio fluxuak nola egiten ditugun, horrek esango du enpresa parte hartzean oinarritzen den edo ez. Beti sakondu daiteke gehiago, baina urrutira joateko, pausoak batera ematea garrantzitsua da. Akaso ez gara nahi bezain azkar iritsiko helmugara, baina batera iritsiko gara.
  4. Urrun harrapatzen badigu ere, esparru juridikoa oso kontutan hartzekoa da hasiera hasieratik. Aukeratzen dugun forma juridikoaren arabera gure inguruan marrazten dugun parte hartze markoa ezberdina da. Are eta gehiago, esparru juridiko honetan badago zer findua, eta elkarlanean pentsatu beharko genuke zer gustatuko litzaigukeen aldatzea.
  5. Parte hartzea beste bi erpini lotuta dago: gardentasun zuhurra (dokumentuak partekatzea ez da nahikoa. Beharrezkoa da aldebiko konfidantza lantzea) eta ezagutza (parte hartzea ezin da eman erabaki behar dugun hori ulertzeko gai ez bagara. Pedagogia beharrezkoa da parte hartu ahal izateko).
  6. Guztiok ez dugu berdin parte hartu behar, nahi ez badugu behintzat. Baina adostutako gutxienekoetan ezinbestean hartu behar dugu parte.

Bertikaltasuna etzatea akaso handi geratuko zaigu, baina bidean guztiok ikasiko dugu modu orekatuago eta atseginago batean lan egiten.

Argazkiak: Bira produkzioak

Partekatu: