2016/09/02

TaPuntuko kideok, bide honi ekin genion momentutik garbi izan genuen bagenuela gizartearekiko erantzunkizun bat. Bide horretan, kooperatiba izatea erabaki genuen eta baita hainbat arlotan gure laguntza eskaini ere, gure lanaren bidez gizartean eragiteko.

Gaurkoan PuntuSoziala aurkeztera gatoz gogotsu.

Zer da PuntuSoziala?

TaPuntuk sortutako egitasmoa da, egunerokoan aurrera eramaten duen lana gizartera zabaldu eta urtero, irabazi asmorik gabe, gizartean eragin positiboa duen proiektu bat laguntzeko asmoz.

Sarrera honen bidez, lehen aldiz, PuntuSoziala abian dela jakinarazten dizuegu! Hori dela eta, proiektuaren web-orriaren bidez, proiektu sozial bat garatzen ari diren elkarte, enpresa zein norbanakoek, beraien proiektua helarazteko aukera izango dute irailaren 29a bitartean. Aurkezturiko proiektuen interes soziala, beharrak, atzetik dagoen erakundea etabar aztertu ondoren, hauetako bat aukeratuko dugu, saria lortuko duelarik.

Saria

Aukeratutako proiektua urtebetez bere zerbitzuekin lagunduko du TaPuntuk, online presentzia hobetu dezan. Horretarako, proiektuak bere zabalkuntzan dituen arazoak aztertuko dira, aurrera begirako estrategia bat garatu eta lanari ekin, erronka hauek betetzeko.

Elkarlana

TaPuntuk irabazi asmorik gabe aurrera eramango duen egitasmoa izanda, bidean zehar suertatzen diren beharrak asetzeko beste eragile batzuekin elkarlana bultzatuko da. Hasteko, puntuEUS fundazioa batu da eta, berari esker, lantzen diren proiektuek sareetan euskaraz izango dute presentzia.

Ezagutu sakonago PuntuSoziala eta EMAN IZENA!