Nortasuna Sarean 2018 jardunaldia
Askok jakingo duzuen moduan, urtero Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu ohi dugu TaPuntu Kooperatiban.
Jardunaldi honen helburua, enpresa edo proiektuek sarean egoten ikastea da. Helburu hori betetzeko asmoz, urtero gai zehatz bat hartzen dugu hizpide eta horren inguruko hausnarketa egiten dugu, aukeraturiko aditu zein proiektu baten ardura duten pertsona zehatz batzuen testigantzei esker.
Aurten, hirugarren edizioa ospatu berri dugun honetan, POSIZIONAMENDUAren gaia lantzea erabaki dugu, aurreko urtean bertaratutakoen iritzia kontutan hartuz. Zehazki, ikusgarri izaten laguntzeko bide horretan ondoko gaiak landu ditugu: barne eta kanpo SEOa (organikoa edo naturala), SEM posizionamendua (ordainpeko posizionamendua) eta sare sozialetan gure proiektuak arrakasta izateko gomendioak.
JARDUNALDIAREN EGITURA NAGUSIA
2018ko jardunaldiak bi bloke nagusi izan zituen:
- Gaian jantziak diren bi adituen hitzaldi laburrak.
- Lau proiektu ezberdinen arduradunek osaturiko mahai ingurua.
HITZALDIAK:
Adituei dagokionez, hogei minutu inguruko hitzaldia eskaini ziguten posizionamenduaren trikimailu eta gakoen inguruan hitz eginez:
- Alde batetik, Nagore Cia Eizmendik, Weaddit enpresan lanean dabilen adituak, sarean ikusgarriak izateko gakoak azaldu zizkigun.
- Bigarrenik, Xabier Iglesias Juarezek, Auditor SEO proiektuaren sustatzaileak, SEO, SEM eta sare sozialak egoki kudeatzeko aholkuak eskaini zizkigun, horretarako metafora dibertigarri bat erabiliz.
MAHAI INGURUA:
Mahai ingurua ordea, ondoko enpresa edo proiektu arduradunek eskaini ziguten, berarien esperientzia oinarri izanik:
- Gloria Urkola Etxetxipia: Zarautzen kokaturiko MeitaiMaitie dendaren sustatzaileak, beraien proiektua sareratzeko orduan zein lan eta antolaketa jarraitzen dituzten azaldu zigun.
- Xabier Agirre Iturrioz: Donostiako alde zaharrean kokaturiko Juantxo Taberna ospetsua sareratzen asmatu ostean, bere bizipenak eta bidean topaturiko oztopo eta poztasunak argi adierazi zizkigun jardunaldian.
- Zuriñe Maguregi Sanchez: Gaztezulo aldizkariaren zuzendari den Zuriñek, beraien publikora iristeko zein gauza hartzen dituzten kontutan azaldu zigun, eskuzabal.
- David Agirrezabalaga García: Mr. Euskaldun marka sortu eta ikusgarri bilakatu ostean, arrakastaren gako edo pausuak nolakoak izan diren eta berak nola bizi izan dituen plazaratzen jakin zuen.
Antolakuntza taldearen zereginei dagokionez, aurtengo jardunaldia prestatu eta dena behar bezala atera zedin, ondoko lanak eraman ditugu aurrera:
- E-marketing alorra: webgunearen edukia aurtengo datuekin eguneratu.
- Diseinu grafiko lanak: karpeta eta euskarri grafikoak garatu genituen. Euskarri hauek, Antza Komunikazio Grafikoaren laguntzari esker, fisikoki lortu eta jardunaldian bertan banatu genituen.
- Bestetik, jardunaldian bertan, hizlariak zein mahai inguruko partaideak aurkezteko asmoz, bideo motz ezberdinak garatu genituen. Multimedia lan hau Bira Produkzioak lantaldeko lagunek borobildu zutelarik. Hementxe, aurten jardunaldiaren laguntzaile bilakatu den lantaldeak garaturiko laburpen bideo borobila:
- Bukatzeko, jardunaldia promozionatu eta egunean bertan jardunaldian gertatutakoa zuzenean bildu eta partekatzeko asmoz, sare sozialen kudeaketa eta eguneraketa lanak eraman genituen aurrera. Hain zuzen ere,#NortasunaSarean traola erabili genuen, Facebook eta Twitterren.
Bukatzeko, gure eskerrik beroena, gainontzeko laguntzaile guztiei: Berria eta PuntuEus fundazioa-ri eskainitako babes eta laguntza guztiagatik. Eta nola ez, ezin ahaztu, Pastain Irudi Zerbitzuak proiektuaren atzean dagoen Alfredok atera zituen argazki txukunak. Eskerik asko Alfredo. Aldi berean, ez genuke sarrera hau amaitu nahiko, gure lantaldeko kide den Goretti Aranbururi eskerrak eman gabe, lan txukuna zurea Goretti!
Hementxe aurtengo jardunaldiaren argazki batzuk: