Nortasuna Sarean 2016 jardunaldia

TaPuntuk bere sorreratik “Nortasuna sareratuz” leloa erabili du zertan aritzen den definitzeko. Hainbat alditan azaldu diogu batari eta besteari zer esan nahi duen nortasuna sareratze horrek, baina garbi genuen hasieratik behar hori gizarteratzeko moduak behar genituela.

Helburu horrekin alde batetik eta negozioei sarean nola egon ikasten laguntzeko asmoz, Nortasuna Sarean antolatu dugu. Urtero errepikatzeko asmoz sortu da jardunaldi hau, aldi bakoitzean sarean egotearen gako batzuk gizarteratuz.

Nortasuna Sarean 2016 izango da estreinakoa eta urtarrilaren 14ean ospatuko dugu Hernanin.

Argi genuen hasieratik jardunaldiak bere izakera propioa behar zuela. Hori dela eta, izena pentsatu bezain pronto marka sortu genuen, logotipotik hasita. Nortasunak anitzak dira eta esan daiteke nortasun ezberdin hauek osatzen dutela gure gizartea eta baita jardunaldia bera ere. Honen ispilu, norabidea erakutsi nahi duten geziak baliatuz, logotipo koloretsua osatu genuen. Urtero ospatuko den ekitaldia izanik, edizio bakoitzeko urtea nabarmendu nahi izan genuen, era berean.

TaPuntuko lantaldearen iritziz, sarean egoterako garaian web-orriak izan behar du zentrua. Alegia, informazio esanguratsuena bertan jaso behar da, sare sozialekin fluxua bi norabideetan bultzatuz. Hori dela eta, nortasunasarean.eus web-orria sortu dugu, jardunaldi bakoitzeko informazioa eskaini, izen-emateak jaso eta gerturatu ezin izan dutenei informazio osoa laburbiltzeko asmoz.

Nola ez, sarearen abantailak azpimarratzeko asmoz jaiotako proiektua izanik, sare sozialetan profil propioak sortu genituen eta jardunaldiaren inguruko informazio osoa jasotzeko bidea izango dira. Sare sozial hauek ezinbestekoak izango dira jardunaldiaren zabalkuntzan eta baita ekitaldiaren jarraipena egiteko garaian ere. Hementxe ikusgai: Facebook eta Twitter.

Jakina da bideomarketina punta-puntako joera dela. Segundu gutxi batzutan, bideo bakar baten bidez Nortasuna Sarean zer den azaldu eta izen-emateei bultzada emateko asmoz, proiektuaren amaieran ikus daitekeen bideoa grabatu eta editatu dugu.

Azkenik, ezin ahaztu offline komunikazioa. Jardunaldiaren ezaugarriak direla eta online komunikazioa nagusiena izango den arren, saretik at ere emango dugu Nortasuna Sarean-en berri eta horretarako sortu dugu beheko afixa.

TaPuntuk lan egiteko duen moduaren erakusgarria da Nortasuna Sarean. Proiektu bat aztertu, beharrezko komunikazio estrategia pentsatu eta hau aurrera eramateko bide guztiak jorratzea, alegia.

Beraz, zeren zain zaude nortasunasarean.eus web-orrian sartu eta proiektua ezagutzeko?

Nortasuna Sarean web-orria

Nortasuna Sarean Twitter

Nortasuna Sarean Facebook

Nortasuna Sarean kartela

Zer landu dugu?
Norentzako

Nortasuna Sarean