Izenburuak abisa dezakeen bezala, ez da lehen aldia WordPress-eko pluginen inguruan ari naizena. Pasa dira urte batzuk, baina idatzi nuena gaur egun ere baliagarria da:
Garai hartan plugin eta garapen berriak errendimendu eta pertsonalizaziotik aztertu nituen. Gaurkoan, aldiz, denbora izango dugu aztergai.
Webguneen garapenak kodearekin lotura zuzena dauka, HTML egitura, CSS estiloak, programazioa eta datu baseak kode garapena direlako. Aspaldian dena neurrira egiten zen bezala (code garapena, edo artisau-lana), azken hamarkada luzean eduki editoreek lana asko arindu dute, aurrekontuak ere asko jaitsiz. Noski, horrek beste muturrera eraman gaitzake, batere pertsonalizatu gabeko webguneak egitera iritsi arte.
TaPuntun No-code (koderik gabeko garapena, nolabait, dena klik bidezkoa) eta Low-code (kode osagarria aplikatu zaion webgunea, bietan nire gustukoena eta, programatzaile bezala, bizirik sentiarazten nauena) webguneak egiten ditugu normalean. Baina, ojo! Horrek ez du esan nahi pertsonalizatu gabeak direnik. Gure webguneen % 100a ez bada, % 95a bere osotasunean pertsonalizatutako webguneak dira, eta geratzen den % 5 horrek pertsonalizazio maila oso altua du.
Nola? Bada, aspaldi esan zidaten bezala, ez gabiltzalako gurpila behin eta berriro asmatu nahian. Ez daukat ezer neurrira egindako kodearen kontra, bezero motak markatzen du aldea. Ezta WordPress bezalako editore batekin txantiloiak neurrira egiten dituztenen kontra ere, gustatuko litzaidake horretarako denbora izatea! Baina denbora, edo denbora faltak, batzuetan plugin bidezko garapenen alde jotzeko erabakia hartuarazi dit.
Ez dut uste bufanda botatzea denik. Norberak jakin behar du zerbait noiz den posible eta noiz ez. Etsaiei aurre egin ezin badion/k, elkartu hadi beraiekin!
Argazkia: Clark Tibbs