Blogs

Bideo profesionalak sortzeko gakoak premiere

Itxura profesionala duten bideoak 6 pausutan

Geroz eta gehiago dira bideoak editatzeko tresna bat eskura izan eta bideo laburrak (eta ez hain laburrak) osatzera ausartzen diren pertsonak. Ohikoa izaten da ospakizun berezietan (ezkontza, urtebetetze festa…) gonbidatuetako baten batek sorpresa gisa oroitzapen gogoangarriak oparitzea, bideo formatuan.

Bideoak editatzerako garaian amateur gisa definitzen baduzu zure burua, hauxe da zure posta; jarraian itxura profesionala duten bideoak sortzeko jarraitu beharreko pausu nagusiak azalduko dizkizugu eta.

    1. Planifikazioa
      Ezer baino lehen, bizitzako arlo gehienetan bezala, planifikazioa da gakoa. Argi izan beharko genituzke:

      • Bideoaren helburua eta oinarrizko gidoia.
      • Gutxi gorabeherako iraupena.
      • Hau osatzeko grabatu edo lortu beharreko baliabideak.
    2. Baliabideak
      Lehen pausuan honezkero behar ditugun baliabideak zerrendatu badituzu, badakizu nondik jarraitu!

      • Erabiliko dituzun bideoak grabatu edota bildu. Zenbat eta kalitate hobean izan, errazagoa izango da pentsatutako emaitza profesionala lortzea.
      • Bideoa lagunduko duten audio pista edo abestiak egongo badira, guztiak bildu.
      • Bestelako argazki, logotipo edo edukiren bat behar bada, bildu hauek ere.

      * Pausu honetan oso gomendagarria da ordenagailuan karpeta batean baliabideak txukun antolatzea. Mota berdineko baliabideak azpikarpetetan antolatzea garrantzitsua da, ondoren azkarrago lan egin ahal izateko.

    3. Proiekua sortzea
      Bideoa osatzen hasteko momentua da!

      • Lanari ekin ahal izateko, lehenik eta behin software egoki bat beharko dugu. Hainbat aukera topatu ditzakegu, doakoak zein ordaindu beharrekoak. Esate baterako: Adobe Premiere, Final Cut, Camtasia Studio, iMovie, Windows Movie Maker… Azken biek aukera mugatuak dituzte bideo profesionalak editatzeko, baina lan sinpleak egiteko balekoak izan daitezke!
      • Bideoaren oinarria proiektua izango da. Hau sortzean, besteak beste amaieran lortu nahi dugun bideoaren formatua zein kalitatea ezarri beharko ditugu. Aholku gisa, jatorrizko bideo guztiak edo gehienak gailu berarekin grabatu badituzu, ezarri gailuaren formatu bera proiektuan; errazagoa izango da lan egitea.
      • Jarraian, ordenagailuko karpeta batean aurretiaz txukun antolatutako edukia inportatuko dugu eta proiektuaren barruan ongi antolatu ere.
    4. Istorioa editatzea
      Bideoaren egitura osatu beharko dugu jarraian. Horretarako:

      • Jatorrizko bideoetatik gustoko ditugun zatiak moztuko ditugu eta bata bestearen jarraian kokatu.
      • Pentsatutako estiloaren arabera, egokia izan daiteke bideo baten eta bestearen artean trantsizioak ezartzea, mozketak ez daitezen hain bortitzak izan.
      • Kasuan kasu, izenburu edota errotuluak jarriko ditugu bideoen gainean edo hauekin tartekatuta. Diseinu ezagutzarik ez baduzu, hobe kolore eta letra mota sinpleak erabiltzea!
      • Hala behar izanez gero, efektuak aplikatuko ditugu ere. Esate baterako, jatorrizko bideoen koloreak berdindu edota zuzentzeko, zuri beltzeko irudiak lortzeko…
    5. Audioa osatzea
      Audioa txukun osatzeak berebiziko garrantzia du. Bideoa txukun muntatu arren, soinu arraroak baditu, emaitza kaskarra izango da. Berriro ere, bideoekin egindakoaren antzera:

      • Jatorrizko audio pisten artean interesatzen zaizkigunak aukeratuko ditugu, beharrezko mozketak eginez.
      • Aurretiaz muntatutako bideoarekin modu egokian akoplatuko ditugu.
      • Bideoak eta ahotsak lagunduko dituen kantarik badago, hau ere txertatuko dugu dagokion tartean. Kontuz ahotsak baino ozenago jartzearekin!
      • Trantsizioak aplikatuko ditugu, bolumen aldaketak doitu eta emaitza samurtzeko.
    6. Esportatzea
      Lana amaituta dagoen arren, guztia bateratzea faltako da. Bideo ediziorako edozein softwarek hainbat formatu eskaintzen ditu bideoa esportatu eta azken emaitza lortzeko.Formatu estandarrean izango dugu behin betiko bideoa, ondoren eman nahi diogun erabilerarako prest.

* Sekula berriro erabiliko ez duzula uste arren, jatorrizko proiektua eta baliabideak gordetzea gomendatzen dizugu. Esportatutako bideoa soilik gordez gero, zaila izango da aurrerantzean honekin lan egitea!

Gehiago ikasi nahi?

Horrela bada, TaPuntun lau orduko ikastaro ireki bat antolatu dugula jakinarazten dizugu: hain zuzen ere, “Adobe Premiere: editatu zure bideoak!” izena daramana.

2018ko ekainaren 12an burutuko dugu ikastaroa, ondoko bi ordutegi aukerak eskainiz: 9:30-13:30 edo 16:00-20:00 (izena emateko orduan, nahiago duzun ordutegia zein hizkuntza aukeratzeko aukera izango duzu).

Interesa izanez gero, eman izena ikastaroaren deskribapen fitxaren bidez. Bertan topatuko dituzu ikastaroaren inguruko xehetasun guztiak.

Partekatu: