2019/09/27

Duela aste pare bat edo erabaki nuen idatziko nuen hurrengo Martxan zeren inguruan izango zen. Baina hara nondik, Martxan tekniko bat izan behar zena, esker oneko Martxan bat bihurtu da.

Kontua da, TaPuntun ohikoa dela jende berria sartzen denean, langile edo praktikari izan, sare sozialen bidez ongietorria ematea. Momentu alaiak izaten dira, ilusioz beterikoak, eta hala jakinarazten dugu. Agurrak aldiz ez dira hain alaiak, eta ondorioz askotan modu pribatuan eramaten ditugu, lau haizeetara zabaldu gabe. Gaur, azken hilabeteetan gurekin lanean aritu den Elixabeti agurra esateko unea da, eta momentu alaia ez den arren, denbora honetan eman diguna eskertzeko izan dadila Martxan hau.


Bi fasetan aritu zara gurekin. Lehena, 2018ko udan zehar izan zen. Donostiako Area eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko etorri zinen gurera. Lana gogotik egin ondoren, penarekin geratu ginen ezin genuelako lan eskaintzarik luzatu. Usurbilera etortzeko momentuan bete-betean geunden, baina beti utzi genuen etorkizuneko atea irekita.

Eta zure momentua 2019 hasieran iritsi zen. Jada Usurbilen egonkortuta, aurrera begira genituen erronkei aurre egiteko beste pertsona baten beharra genuela ikusi genuen. Eta noski, zu izan zinen taldea handitzeko pentsatu genuen lehen aukera.

Eta eskerrak baietz esan zenuela!

Menperatzen duzuna ondo burutu duzu beti, baina bereziki oso eskertuta gaude, eta ni pertsonalki, hainbeste menperatu gabeko lana, ikasi eta aurrera ateratzeko egindako esfortzuagatik. Lanerako prestutasuna ez da beti topatzen den ezaugarri bat eta.

Ez dira hilabete errazak izan tapuntutarrontzat. Lan karga asko, eta hainbat arrazoirengatik, ezin izan duzu lantaldea topera topatu.

Gure bideak berriz banantzen diren arren, orain ere ez dugu aterik ixten. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta etorkizunak zer ekarriko duen ezin da jakin.

Eskerrik asko, Elixabet!