Blogs

Komunztura motak Adwords. Tipos de concordancia

Komunztadura motak AdWords-eko SEM kanpainetan

Atal honen barruan, hainbatetan aipatu izan dugu web-orri baten posizionamenduak izugarrizko garrantzia duela. Posizionamendua, web-orri bat bilatzaileetako emaitzetan, aurretiaz aukeratutako hitz gako batzuen arabera, ahal bezain posizio onenean agertzeari deritzo. Hain zuzen ere, sare sozialetan SEM kanpainak egiteko aukeraz hitz egin genuen, SEO negatiboaren eraginaz eta baita linkbuilding izeneko teknikaz ere.

Gaurkoan, aldiz, SEM posizionamenduaren baitan kokatzen den gai oso zehatz batean murgilduko gara. Seguraski jakingo duzue, SEM kanpainen bidez, web-orri bat bilatzaile baten bilaketetan hobeto posizionatzeko aukera dugula, beti ere diru kopuru bat ordainduz.

Hitz gakoak (keywords) aukeratzea

SEM kanpaina bat hitz gako batzuekin konfiguratzea da ohikoena. Alegia, hitz gako edo keyword batzuk aukeratu eta ondoren bilatzailean publizitate kanpaina hauen arabera konfiguratzea. Bi ekintza hauei esker, erabiltzaile batek bilatzailean hitz horietako bat (edo antzekoak) bilatzean, honi gure iragarkia azaltzea eragingo luke.

Hitz gako hauek aukeratzeko, gure produktu eta zerbitzuetan pentsatu beharko dugu, hauek definitzeko erabiliko genituzkeen hitzetan. Eta, are gehiago, gure publikoaren garunean sartu beharko dugu, nola bilatuko gaituzten imajinatzeko.

Komunztadura motak AdWords-en

Komunztadura hitzak ez zaitzala beldurtu, esanahi sinplea du eta: azken finean, gure publizitate kanpainan erabakitako hitzak eta bilatzen ari den pertsonak bilatzailean idatzitakoak zenbateraino koinziditu behar duten adierazten du. Zehaztasun maila, alegia.

Google AdWords-eko SEM kanpaina batean hitz gakoak txertatzerako garaian, guztiak “komunztadura zabala” motakoak izango dira hasiera batean, guk ez badugu kontrakoa adierazten. Hau da mota malguena, baina kasu askotan ez zaigu interesatuko zeharka erakartzen ditugun bisitariengatik ordaintzea.

Demagun TaPuntu-k bere zerbitzuak AdWords kanpaina baten bidez promozionatu nahi dituela bilatzaileetan. Ziur aski aukeratutako hitz gakoetako bat “TaPuntu” izango litzateke. Alegia, bilatzailean hitz hori zehazki idazten duten pertsonak bere web-orrira erakarri nahiko lituzke. Ez, aldiz, “Eta punto”, “ta punto”, “puntu”, “en punto” edo antzekoak idatzi dutenak.

Honekin lotuta, TaPuntu jaio zeneko anekdota txiki bat kontatuko dizuegu. Web-orria martxan jarri eta bizpahiru hilabetera konturatu ginen gure bisiten ehuneko handi batek munduaren beste puntan zuela jatorria… “Hinarere Taputu” Tahitiko miss-aren izena bilatzailean idatzi eta gure web-orrian azaldu ziren asko eta asko!

Gaurko gaira itzuliz, beraz, ez dugu gure web-orria posizionatu nahiko “Taputu” bilatzen dutenentzat. Hori ekiditeko, “TaPuntu” hitz gakoarentzat komunztadura zehatz bat erabili beharko genuke eta, gainera “Taputu” hitza komunztadura negatiboarekin konfiguratu. Aztertu ditzagun Google Awords-ek eskaintzen dizkigun  bost komunztadura mota nagusiak. Kasu guztietan publizitate kanpaina baten bidez promozionatu nahi dugun Open Office ikastaro hipotetiko baten adibidea erabili dugu:

1. Komunztadura zabala: open office ikastaroa

Hau da gure hitz gakoek lehenetsita izango duten komunztadura. Bilatzen ari den pertsonak antzeko hitzak bilatzen dituenean ere erakutsiko zaio gure kanpainako iragarkia. Adibidez, “open office abantailak”edo “office ikastaroa” bilatzen ari direnek gure iragarkia ikusiko dute. Komunztadura zabala erabiltzea ez da gomendagarria.

2. Komunztadura ia zabala: +open +office +ikastaroa

Aurretik “+” bat duten hitzak derrigor agertu beharko dute bilaketarako idatzitako hitzen artean, nahiz eta hitz gehiago ere agertu. Adibidez, “ikastaroa open office” edo “open office ikastaroa euskaraz” bilatzen dutenei erakutsiko zaie gure iragarkia. Kasu honetan hitzen ordena edozein izan daiteke.

3. Esaldi komunztadura: “open office ikastaroa”

Gure hitz gakoak kakotxen artean idatziko ditugu kanpaina konfiguratzean. Aurrekoaren antzekoa da, baina kasu honetan hitzen ordena ezin da aldatu. Gainera, definitutako hitzen artean beste bat jartzen badu bilatzen ari den pertsonak, emaitza ez zaio erakutsiko. Adibidez, gure iragarkia ez zaio erakutsiko “open office doako ikastaroa” edo “ikastaroa open office” idazten duenari.

4. Komunztadura zehatza [open office ikastaroa]

Kortxeteen artean idatziko ditugu hitz gakoak. Hau da komunztadura guztien artean zehatzena. Kasu honetan, bilaketa zehazki guk esandako moduan egiten duten pertsonei erakutsiko zaie iragarkia. Alegia, “open office ikastaroa” hitzak idazten dituztenei bakarrik.

5. Komunztadura negatiboa: -windows

“-” zeinua jarriko diogu aurretik hitzari. Batzuetan interesgarria izango da hitz zehatz batzuk bilatzen ari diren pertsonei gure iragarkia ez erakustea. Kasu honetan, adibidez, interesgarria izan daiteke “windows” hitza kanpainatik kanpo uztea, ez baitu erakarriko Open Office ikastaroan interesa duen publikoa.

Komunztadurak definitzeko aholkuak

Hasiera batean, komunztaduren berri jakitean ohikoa da beldur puntu bat sentitzea, baina SEM kanpainetan beharrezkoa da noizbehinka aldaketa txikiak txertatzea, inbertsioaren errentagarritasuna ziurtatzeko. Gure gomendioa pixkanaka web-orria entzun (estatistiketako emaitzak aztertu) eta geroz eta komunztadura zehatzagoak erabiltzea da. Alegia, hitz gako guztientzat komunztadura zabala erabiltzea hasieran eta zehaztasun maila pixkanaka igotzea hitz gako batzuentzat.

Partekatu: