2025eko apirilaren 28a egun esanguratsua izan zen gure bizitzetan. Inoiz jasan dugun itzalaldi orokor handiena izan zen egun hartan. Baina, zergatik gertatu zen itzalaldia?
Teknikoki itzalaldia zein faktorek abiarazi zuen ez dakigu oraindik, ondo legoke momenturen batean jakitea. Zehazki, gure bulegoan ordubete inguru iraun zuen. Kuriosoa da, zeren egunean zehar entzun ahal izan nuen medioren batean “Frantziarekin dugun gertutasuna” izan zela argindarra nahiko azkar bueltatu izanaren arrazoia. Sare elektriko orokorrean egotea onura bat zela ulertaraziz.
Baieztapen horrek pentsarazi egin zidan. Itzalaldiak modu hain orokorrean eragin zuela ikusita, sare elektrikoko azpiegitura onura izan al zen? Baina beste muturretik begiratuz, ez al zen izan sare elektrikoko azpiegitura bera itzalaldiaren hedatzaile nagusia?
Gaur egun energia oinarrizko baliabide bat da gure gizartean. Aldi berean, gutxi batzuen negozio ikaragarri ere bada. Eta egia osoa esanda, gurean zortedunak gara Goiener bezalako irabazi asmorik gabeko energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba bat dugulako.
Trantsizio energetikoa pil-pilean dagoen gaia da. Uste dut erakunde publikoek beraien esku dutela aurrera pausoak ematea, autonomi, lurralde, eskualde eta herri mailan. Herria egiteko aukera paregabea.
Adibide zehatzetara joanda, Hernani eta Oiartzun esaterako, beren buruaren jabe izateko prozesuan, energia lantzen ari diren gaietako bat da. Eta esparru oraindik ere txikiagoan, autokontsumo eta energia komunitateek ere gorakada handia izan dute azken boladan (Eusko Jaurlaritzaren Energia Agentziak martxan ditu laguntzak).
Izan ere, uste dut jasan genuen itzalaldia oso bestelakoa izango litzatekeela tokiko sare kolektibo edo/eta publiko txikiz osatuta izango bagenu.
Argazkia: Luis Tosta