Avatar photo

2025/09/26

Entzun audio formatuan

Aplikazio horretatik ateratzea pentsatu izan dut askotan. Baina izugarria da bere hedapena eta gure bizi-ohituretan daukan eragina. Komunikazio tresna indartsuena bilakatu dela esango nuke. Dentistak, optometristak eta depilatzaileak bertatik bidaltzen dizkidate hitzordu abisuak. Eta, behin telefonoa fitxatuta, baita urtaro bakoitzeko eskaintzak ere. Bertan ditut laneko, alde bateko eta besteko familia, unibertsitateko lagun edo kinto bazkariko taldeak. Eta bai, horietan egon ala ez egon nik aukera dezaket, nire esku dago. Baina kontua konplikatu egiten da (bizitzako eremu guztietan bezala) zure menpeko adin txikiko bat daukazunean.

Bere lagunekin planak egiten hasteko garaian dagoen haur bat daukat. Eta gurasoen gelako Telegram kanalaz gain, hiru geletako 60 haur ingururen guraso WhatsApp talde bat daukagu, ia 100 guraso.

Zein da planak egiteko metodologia?

Guraso batek idazten du “Mikel frontoira azalduko da 11:00etan. Norbait animatzen?”. Eta orduan erantzun zaparrada hasten da, “Antton ere bai”, “Peru ere bai”…

Lehen aldiz talde honen inguruan zalantzak adierazi nituenean (aurrez aurre, ez talde horretan), anai-arreba zaharragoak dituztenek -esperientziadunek- argudiatu zidaten modu honetara bazterketak ekiditen zirela, haur askok modu horretan planen berri zutela eta bestela agian ez, eta “zailagoa” zela baztertzea. Argudio pisutsua iruditu zitzaidan.

Aitortzen dut, oso erosoa da. Baina zalantzekin jarraitzen dut. Batetik, eta sutsuki, ez dutela mugikorrik behar esaten diegu haurrei baina, bestetik, planak egiteko WhatsApp-a behar dutela ikasi dute. “Ama, idatzi taldean ea norbait aterako den…”.

Badakit garaiak aldatu egin direla eta ezin dudala ekidin haur eta gazteen ohitura aldaketa, are gure ohiturak guztiz aldatu direnean. Baina kezkatzen nau. Saiatzen naiz erakusten elkarrekin daudenean hitz egiteko eta orduan egiteko hurrengo planak. Etxean telefono finko bat jartzea ere pentsatu dut, berak deitzeko aukera izan dezan…

Zer diozue? Zer egingo zenukete zuek?