2025/06/20

TaPuntun urteak daramatzagu webguneak diseinatzen, eta ikasi dugun gauzarik garrantzitsuenetako bat da pertsonek presaka nabigatzen dutela, oso ohitura markatuekin eta pentsatzeko gogo gutxirekin. Horregatik, hartzen dugun diseinu-erabaki bakoitza esperientzia ahalik eta arinena, argiena eta atseginena izateko pentsatuta dago.

Hauek dira 7 ohitura ohikoenak interneten nabigatzeko eta gure proiektuetan kontuan hartzeko zer egiten dugun.

1. Ez dugu irakurtzen, eskaneatu egiten dugu

Web batean sartzen garenean, gutxitan irakurtzen dugu edukia hitzez hitz. Normalena da bistarekin eskaneatze azkar bat egitea, ideia orokor bat ematen diguten izenburuak, gako-hitzak, irudiak edo ikus-elementuak bilatuz. Zerbait interesatzen bazaigu, lasaiago irakurtzen dugu.

TaPuntun zer egiten dugu:
Orriak hierarkia bisual argi batekin diseinatzen ditugu. Izenburu deigarriak, testu labur eta zuzenak, ikonodun zerrendak eta edukia zatitzen laguntzen duten elementuak erabiltzen ditugu. Horrela, webgunera sartzen denak segundo gutxitan aurki dezake bilatzen duena, ahaleginik egin gabe. Blokeen arteko tartea ere asko zaintzen dugu, denak arnasa har dezan.

2. Klikagarri dirudien horretan egiten dugu klik

Ohitura:
Ohituta gaude botoiak, estekak edo zenbait ikus-bloke interaktiboak izatera. Zerbaitek klikagarria badirudi baina ez bada, edo garrantzitsua den zerbaiten gainean klik egin daitekeela ematen ez badu, nabigazioarekiko konfiantza galduko dugu.

TaPuntun zer egiten dugu:
Garrantzi handia ematen diogu botoien diseinuari eta espero den edozein ekintza ondo seinaleztatzeari: kolorez, sagua pasatzean efektu batekin, testu argiarekin («Informazio gehiago», «Erosi orain», «Eskatu zure hitzordua»). Ohiko akatsak ere saihesten ditugu, hala nola klikatu ezin den testua azpimarratzea edo testuingururik gabeko paragrafoen barruan estekak ezkutatzea.

3. Bilatzen duguna azkar aurkitu nahi dugu

Inor ez da sartzen webgune batean denbora galtzeko. Erantzun argiak nahi ditugu, menu errazak, eta ez dugu gehiegi pentsatu nahi. 10 segundotan bilatzen duguna aurkitzen ez badugu, bagoaz.

TaPuntun zer egiten dugu:
Egitura erraz, argi eta logikoa duten webguneak diseinatzen ditugu. Menuek aukera gutxi dituzte eta ondo ordenatuta. Lehenik eta behin, orriek garrantzitsuena erakusten dute, eta eduki gehiago badago, blokeka antolatuko dugu, erabiltzailea gidatzen duten izenburuekin eta botoiekin. SEO-a lantzen dugu, Googletik zuzenean orri egokira irits zaitezen.

4. Irudi eta koloreek gidatzen gaituzte

Irakurtzen hasi aurretik, begiratu egiten dugu. Irudiek, koloreek eta formek ematen digute lehenengo inpresioa: konfiantza ematen duen webgunea den, gaur egunekoa den edota duela urte batzuk egindakoa den… Irudi on batek paragrafo oso batek baina gehiago komunikatzen du askotan.

TaPuntun zer egiten dugu:
Irudi egokiak aukeratzen ditugu, eta marka nortasunarekin bat datorren kolore paleta erabiltzen dugu. Egokiena bezeroak egindako “benetako” argazkiak jartzea da, sinesgarritasuna eta hurbiltasuna ematen baitiote proiektuari, baina askotan stock argazkiak erabiltzen ditugu eta geroz eta gehiago AA erabiltzen dugu irudiak sortzeko. Zentzua duten ilustrazioak eta balioa ematen duten elementuak ere erabiltzen ditugu.

5. Mugikorretik sartzen gara, ez ordenagailutik

Gaur egun, webgunetara egiten diren bisita gehienak mugikorretik egiten dira. Webgune batek ez badu ondo funtzionatzen pantaila txikietan, edo nabigatzea deserosoa bada, alde egingo dugu.

TaPuntun zer egiten dugu:
Ordenagailu konbentzional eta mugikorrentzako diseinatzen dugu. Pantaila ezberdinetan probatzen dugu, menu egokituak jartzen ditugu, botoi handiak eta ukitzeko errazak, eta mugikorrean gaizki dabiltzan elementuak saihesten ditugu (karrusel luzeak, efektu astunak…). Nabigazio erraza eta garbia izan behar du edozein gailutan.

6. Logotipoan klik egiten dugu hasierara bueltatzeko

Ohikoena da logotipoan klik egitea hasierako orrira itzultzeko. Hori gertatzen ez bada, erabiltzaileak desorientatuta sentitzen da.

TaPuntun zer egiten dugu:
Logotipoa beti hasiera orrira daraman esteka bihurtzen dugu, eta posizio berean kokatzen dugu orri guztietan (normalean goian ezkerrean). Askotan “Hasiera” botoia ere jartzen dugu menuko lehen aukera bezala. Xehetasun txikiak dira, baina oso garrantzitsuak UX-ean.

7. Zer egin behar dugun esatea gustatzen zaigu

Webgune batetan sartzen garenean, orientazioa behar dugu. Zein da hurrengo pausoa? Zer egin behar dut orain? Gustura hartzen ditugu gomendioak eta argibideak.

TaPuntun zer egiten dugu:
Ekintza deigarriak jartzen ditugu atal bakoitzean. Informazioa eskatzeko, zerbait erosteko, buletinera apuntatzeko edo gehiago irakurtzeko beti dago botoi edo mezu argiren bat. Eduki erlazionatuak ere lotzen ditugu, bisita bakar bat ez dadin orri bakarrera mugatu.

Amaitzeko

TaPuntun uste dugu webgune on bat ez dela bakarrik estetikoki polita dena, baizik eta erabiltzaileen ohiturak ulertzen eta errespetatzen dituena. Ohitura horietara egokitzea da web esperientzia on baten gakoa. Zerbaitek ondo funtzionatzen duenean, ez delako pentsatu behar: gozatu besterik ez da egiten.