Harago Aholkularitzaren logotipo, bisita txartel eta karpetaren diseinua

Askok dakizuen moduan, Hernanin kokatua dagoen coworking espazio batean gabiltza lanean eta beste ekintzaile batzuekin lan espazioa partekatzen dugu. Hasiera batean horrela lan egitea eromena izan daitekeela uste izan arren (zaratak, telefonoz hitz egiteko zailtasunak, bilera gelak kudeatzeko beharra…), guk alde positiboari erreparatu nahi izan diogu beti. Indargune bat aipatzearren, proiektuaren hastapen lanetan dagoen beste pertsona bati laguntzeko aukera izatea eta, are eta gehiago, gure jardueraren bidez proiektu berri bat sortzen laguntzea. Horren harira, “Harago Aholkularitza” proiektuarentzat egindako lana aurkeztu nahi dizuegu gaur.

Sortze fasean dagoen Harago Aholkularitza, orain dela urtebete inguru hasi zen espazioan lanean eta, horri esker, proiektuaren berri izan genuen. Nahiz eta hasiera batean bere negozio lerroak edo zerbitzuak oso zehaztuak ez izan, izaera edo irudi bat behar zutela argi adierazi ziguten proiektu sustatzaileek.

Hori dela eta, martxan ipini eta, lehen pauso gisa, proiektuaren logotipoa sortu genuen. Horretarako, aurrera eramango duten jarduera ulertu eta beraien filosofiaren inguruko galderak egin genizkien proiektu sustatzaileei. Enpresen bidelagun izan nahi zutela adierazi ziguten, bezeroak aurre egin ezin dion aspektu edo gai batzuetan aurrerapausoak ematen lagunduz. Enpresen helburuak ulertu ondoren, horiek errealitate bihurtzeko, zubi lanak edo bideak sortuz. Horren ondorioz, logotipoan zubi bat irudikatzearen ideia otu zitzaigun.

Bestetik, Harago Aholkularitzaren jarduera eta sektorea kontutan hartuz, tipografia gaurkotua izatea bilatu genuen, beti  ere, seriotasun puntu bat errespetatuz.

Koloreei dagokionez, beraien lan ildoak sortze bidean zeudenez eta etorkizunean gehien jorratuko zituzten arloak oraindik ez zituztenez argi, kolore neutro bat topatzen saiatu ginen, beraien bezeroek arlo zehatz batekin erlazionatu ez dezaten (adb: ingurugiroa, berdintasuna…).

Logotipoa oinarri hartuz, bisita txartelaren diseinua landu ondoren, inprenta lanak kudeatu genituen, aurkezpen euskarri fisiko bat izatera iritsiz.

Harago Aholkularitza

2018ko apirilean ordea, proiektuaren urtebeteko bilakaera ikusita, bisita txartelen edukia moldatu eta karpeta berriak behar zituztela aipatu ziguten. Beraien beharra entzun ondoren eta aurreko diseinu lanak oinarrian hartuz, bisita txartelen edukia moldatu eta karpetak berriak diseinatu eta inprimatzea erabaki genuen.

Hona hemen emaitza ikusgai:

Harago txartelak

 

Harago Karpetak

Beste behin, mila esker gure lantaldean jarritako konfidantza guztiagatik. Zorterik onena opa dizuegu!

Zer landu dugu?
Norentzako

Harago Aholkularitza