Basherri sarearen online presentziaren lanketa
TaPuntu sortu genuenetik, proiektua osatzen dugun guztiok argi izan genuen gure inguruko gizartean, modu batez edo bestez, lagundu nahi genuela. Helburu garbi hau buruan izanda, hainbatetan aipatu dizkizuegun Nortasuna Sarean Jardunaldia eta PuntuSoziala egitasmoak urtero aurrera eramango genituela adostu genuen.
Hain zuzen ere, azken honen lehen irabazle izan zen Basherri Sarearen inguruan hitz egingo dizuegu gaurkoan, beraiekin egin genuen lanketa azaltzeko asmoz.
(azalpen gisa, Basherri sarea, Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatibek osatzen dutela adierazi nahi dugu, beraien web-orrian informazio guztia topatu dezakezuelarik).
EMANDAKO PAUSUAK
Basherri Sareak, PuntuSoziala 2016-2017 deialdia irabazi ondoren, beraien beharrak zeintzuk ziren ezagutu eta aztertzeko xedez, proiektu sustatzaileekin lehen analisi bilera egin genuen. Bertan, beraien online presentzia aztertzeko hainbat galdera egin genizkien eta zituzten behar nagusiak zeintzuk ziren zerrendatu.
Diagnostikoa garbi izanda, lehentasunen arabera, ondorengo esparruak jorratuko genituela erabaki genuen:
- Proiektuaren aurkezpen gisa balioko zuen bideo korporatiboa osatu.
- Sare sozialen estrategia garatu, formazioarekin osatuta.
- E-mail marketina burutzeko formazioa ematea.
Bideoari dagokionez, Asteasu, Irun eta Beizamara gerturatu ginen grabazio saio batzuk egiteko asmoz eta, horiek oinarri harturik, proiektuaren aurkezpen bideoa editatu eta garatzeko lanak martxan jarri genituen.
Bestalde, erakunde askotan gertatu ohi den bezala, Basherri Sareak sare sozial propioak erabiltzeko ohitura bazuen ere (Facebok, Twitter eta Youtube), amankomuneko irizpide eta plangintza garbi bat ez zutenez, sare sozialen estrategia bat lantzea erabaki genuen. Horretarako, hainbat bilera aurrera eraman genituen, bertan lorturiko informazioa eta beraien helburuak kontutan edukiz, estrategia garatzeko aukera izan genuelarik. Hau amaitu ondoren, zituzten beharretara egokituriko formazio saio bat eskaini genien sustatzaileei, azken finean estrategiak bildutako aipamenak praktikan nola gauzatu jakin ahal izateko.
Bukatzeko, e-mail marketin alorra jorratu genuen, mail bidezko kanpainak egitea aproposa litzatekeela ondorioztatu ondoren. Horretarako, Mailchimp tresna azaltzeko formazio bat eskaini genien.
Hementxe lanketan zehar garatutako Basherri Sarea azaltzeko bideoa:
Eta jarraian, prozesuan zehar ateratako hainbat argazki:
Berriz ere mila esker proiektu hau posible egiten duzuen guzti guztiei!
Zer landu dugu?
Norentzako
Basherri Sarea