Avatar photo

2025/11/07

TaPunturen balioekin talka zuzena egiten dute egun jendartean hedatuta dauden tresna digital askok: disidentziak ezkutatzeko prestatutako algoritmoak, mezu faxistak hedatzeko erraztasunak, hauteskundeak manipulatzeko estrategiak, eskandalu eta irainetan oinarritutako biralizazioa, euskara eta beste hizkuntza gutxituen espazio falta, diru truke ikusgarritasuna emateko teknikak, baliabide natural ugari xahutzen dituzten tresnak… Baina, aldi berean, gure jarduerarekin hertsiki lotuta daude: sare sozialen bidez enpresa edo mugimenduen mezua hedatzeko erraztasun handiak ditugu, eremu digitalak komunikazio estrategiak modu integralagoan lantzeko aukera ematen digu eta, nola ez, gure jardueraren antolaketa eta kudeaketarako tresna digitalak behar ditugu.

Nahiz eta aurretik ere tresna digitalen eta gure balioen arteko talkaren inguruko hausnarketa martxan geneukan, Goazen Lagunok dinamikak prozesua azeleratu zuen. Tresna digital batzuetan gertatzen ari ziren gertakarien larritasunak erabakiak azkar hartzera bultzatu gintuen asko eta asko urte honen hasieran.

KONPROMISO BAT

Korapilo honen inguruko kontzientzia hartu ondoren, gure kooperatibak konpromiso bat hartu zuen: fedibertsora salto egin eta bide horretan sakontzea.

Norabide horretan, konpromisoa hedatzeko hautua egin dugu:

  • Erabiltzen ditugun bestelako tresna digitalen (kudeaketakoak, marketinekoak, garapenekoak…) inguruko hausnarketa abiatu dugu.
  • Preskriptore garen heinean, gure buruari aplikatuko diogun ikuspegi hau lanean ari garen proiektuetan ere txertatuko dugu.
  • Ez gara soilik eraginkortasunaren arabera arituko eta, tresnak aukeratu edo gomendatzerako orduan, bestelako ardatz batzuk ere txertatuko ditugu.

HAUSNARKETA JARRAIA

Eremu digitalean oso azkar aldatzen dira eskura ditugun tresnak, tendentziak edota erabilera ohiturak. Hori dela eta, hausnarketak jarraia beharko du izan. Orain arte egin dugun moduan, toki batzuetatik joango gara, baina ez halabeharrez beste nonbaitera joateko; tresna batzuk ordezkatuko ditugu, ziurrenik. Argi daukaguna da, bai ala bai, tresna digitalak ez direla izango gure lanerako eta gure komunitatearekin harremantzeko bide bakarra.

Ez da prozesu erraza izan eta, hemendik aurrera ere, ez da erraza izango. Beldurra sortu zaigu batzuetan eraginkor gisa sentitu ditugun tresnak uzterako garaian, urtetan zehar eta pixkanaka gure inguruan sortu dugun komunitatea galtzeko kezka piztu zaigu, arduratu gaitu gure bezeroei ondo aholkatzeak… Eta bai, nagikeriaz aritu gara tresna berrietara salto egiterako garaian.

Egindako bide honetan ikasi ere egin dugu; asko, gainera. Ikasi dugu ez dela nahikoa sare sozial hau itxi eta beste honengatik ordezkatu logikan aritzea. Ikasi dugu ere hausnarketa zabaldu behar dugula eta hitz egin behar dugula gure zerbitzu eskaintzaren, aholkularitzan proposatzen ditugun tresnen edota tresna osasungarriagoen finantzaketaren inguruan. Ikasi dugu badela aukera abaniko zabal bat ere, badirela gure proiektuaren kudeaketarako tresna burujabeagoak, datuen kontrola hobetu dezakegula horiek gure tresnetan gordez…

Gora kontraesanak! Bide hau antsietaterik gabe urratu nahi dugu. Testuinguru aldakorrak oso zail jartzen digu eman beharreko urratsekin bete-betean asmatzea eta horrekin ere lasai biziko gara, pausoz pauso eta irmo, baina patxadaz. Sektoreko eta jendarteko aktore gisa dugun erantzukizunetik.

URRATS ZEHATZAK

Hausnarketa bai, baina ekintza ahaztu gabe. Hartutako konpromisoaren eta egindako hausnarketaren ondorio dira ematen ari garen urratsak.

Orain arte hainbat eta hainbat urrats eman ditugu: RAP neurriak gure egin eta sare sozial pribatiboen sustapena eten genuen, Odoo tresna erabiltzen dugu proiektuen kudeaketa eta administraziorako, Nextcloud fitxategiak biltegiratu eta partekatzeko, Google-en tresnen erabilera gutxitu dugu nabarmen, Mastodon eta Baleafunk-en profilak zabaldu genituen, X-ko profila eta Facebook-eko orrialdea itxi ditugu berriki, eta abar.

Era berean, lantzen ditugun proiektuen komunikazio estrategikoan mota honetako tresnak txertatzea proposatzen dugu.

Ari, ari gara. Erabaki zehatzak hartu ditugu orain arte, baina galdera berriak ditugu mahai gainean: gure zerbitzu-eskaintzaren koherentzia, marketineko tresna zehatzen ezarpena… Une honetan beste hainbat tresna ezagutu eta hauek txertatzeko modu aproposena aztertzen ari gara.

BALIABIDEAK

Zuk edo zure proiektuak ere ekosistema digital osasungarriago batzuen aldeko konpromiso bat hartu baduzue, hausnarketarako eta urratsak emateko hainbat baliabide proposatzen dizkizugu:

  1. Nortasuna Sarean podkastean balioek komunikazioan duten pisuaren inguruan landutako alea eta Komunikaziona bidegurutzean jardunaldiko bideoa: baliagarria izango zaizu afera honen garrantziaz jabetzeko.
  2. Komunikilo proiektuko kideek proposatutako RAP neurriak: baliagarriak izango zaizkizu lehen urrats xume baina eraginkorrak emateko.
  3. fedibertsoa.eus ataria: baliagarria izango zaizu zure ekosistema digitala sortzeko existitzen diren tresna osasungarriagoak ezagutzeko.
  4. Zure X-ko profileko komunitatea Mastodon-era migratzeko tresna: lehendik osatuta daukazun komunitatea galtzea ez dadila X-tik ez joateko aitzakia izan.

Argazkia: Note Thanun