Martxan Nortasuna Sarean

Badator Nortasuna Sarean 2016 jardunaldia!

2015/12/18

Negozioek argi dute sarean egon behar dutela, baina NOLA? Galdera horri erantzuna emateko, datorren urtarrilaren 14rako Beterriko Garapen Integralerako Agentzian (Hernani) ospatuko den “Nortasuna sarean 2016” jardunaldia antolatzen gabiltza TaPuntuko kideak.

Enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzenduriko jardunaldia dugu, internetera salto egiteko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko baitira bertan. Hauengan pentsatuz finkatu dugu ordutegia, eguerdiko 14:00etatik 16:00etara bitarte izango baita. Ondoren Lakari Kooperatibako jakiak dastatzeko aukera izango dugu, jardunaldia borobiltzeko.

Hizlariei dagokienez, Beterri eskualdea indartzeko lanean dauden Andoni Egia eta Gorka Goikoetxea izango ditugu lehenik. Hauen ondoren, Imaginaccion enpresaren sortzailea den Carmen Arrazola eta TaPuntuko kidea den Arkaitz Sukuntza izango ditugu hizlari. Bukatzeko, bi kasu praktiko aurkeztuko dira: Tolosan kokatua dagoen ZUZEU dendaren jabea den Lidia Hernandez eta Orbea Kooperatibaren marketin zuzendaria den Ander Olariagak beraien testigantzak eskainiko baitizkigute.

Abenduaren 18an zabalduko da izen-ematea. Gerturatzeko interesa duen edonork, nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez izena emateko aukera izango du. Partehartzea doakoa izango da eta beren negozioaren nortasuna sarean landu nahi duten guztiei irekia dago. Hala ere, jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte hartzaile kopurua mugatua izango da.

Beraz azkar ibili eta animatu urtarrilaren 14ean Beterrira urbiltzera!

Nortasuna Sarean kartela

Partekatu: