Avatar photo

2025/10/10

Entzun audio formatuan

Hasierako txinparta

Diseinu grafikoan 2001ean hasi nintzen lanean. Ordutik, hori izan da nire ogibidea… eta nire mundua ere bai.

Diseinu Eskolan sormenaren inguruan mugitzen nintzen eta inguruan lagun talde zoragarria neukan: artea, musika eta diseinua maite genituen guztiok. Eskolako lanak alde batera utzita, argazki-saioak egiten genituen, collageak, stencil-txantiloiak…

Sormenak bultzatzen gintuen, eta orduak hegan pasatzen ziren. Garai hartan, dena zen posible, eta diseinuaren bueltan bizitza estilo bat sortzen hasi nintzen: diseinua, musika elektronikoa, moda, irudiaren kultura… Hori guztia nahastuta, nire identitatearen parte bihurtu zen.

Lanbidea eta pasioa

Ondoren lanean hasi nintzen, eta grina hark jarraitu egin zuen. Diseinua ogibide bihurtu zen, baina barruan nuen sua piztuta zegoen oraindik.

Lankideekin ikasi, esperimentatu… eta, lanetik irten ondoren ere, nire proiektu pertsonalak egiten jarraitzen nuen: posterrak, collageak edo, besterik gabe, ideia baten inguruan bueltaka.

Nire kuadrillako lagunek ez zuten zerikusirik diseinuarekin; gehienak soldadoreak edo sukaldariak ziren. Hala ere, nik nire bideari eusten nion. Gure lokal txikian “dekorazioa” egiten nuen: argazkiak, muralak, collageak…

Garrantzitsuena ez zen emaitza, baizik eta zerbait sortzea. Horrek elikatzen ninduen.

Sormenaren nekea

Baina denborak aurrera egin ahala, zerbait aldatu da.

Ez dakit niri bakarrik gertatzen zaidan ala sindrome orokorra den baina, laneko zortzi orduen ondoren, ez dut ordenagailuaren pantaila gehiago ikusi nahi izaten. Ez dut programarik ireki nahi: ez Photoshop, ez Illustrator… ezta fitxategi baten izenaren amaieran “psd” edo “ai” irakurtzerik ere.

Eta hortxe hasten da nire “depresio grafikoa”: ideia asko buruan, baina indar gutxi haiek gauzatzeko.
Orain arte bizigai izan dudana, batzuetan, zama bihurtu zait. Sormenak lo hartu dit, edo ni nago nekatuegi hura esnatzeko?

TaPuntun, beste begirada bat

Orain urtebete pasa da TaPuntun lanean hasi nintzenetik. Eta, egia esan, nahiz eta oraindik ez dudan guztiz berreskuratu lehen nuen grina hori, hemen beste zerbait topatu dut.

Kooperatiban lan egiteak bestelako logika bat erakutsi dit: elkarlana, erritmo partekatua, norberaren eta taldearen arteko oreka… Diseinua ez dela soilik kolore edo letra kontua erakutsi dit; harremanetan, prozesuetan eta balioetan ere badago diseinuaren antzeko zerbait.

Oraindik ez dut berriro hartu gaueko ordu txikietan collageak edo proiektu pertsonalak sortzeko ohitura.
Baina, agian, ez da beharrezkoa. Beharbada, sormenak ere bizitzaren erritmoari jarraitzen dio eta, orain, nire erritmoa beste bat da.

Eta, zuri?

Zuri ere gertatu al zaizu halakorik?

Sormenaren sua noizbait itzaltzea… eta, ondoren, beste modu batean, beste leku batean, poliki-poliki berpiztea?