2017/10/20

Linkedin

LinkedIn sare soziala, esparru profesionalean gehien erabiltzen den sare soziala dela argi eta garbi esan dezakegu.

Tresnari esker, lana topatu, gure arlo profesionaleko beste kide batzuekin kontaktuan ipini, ezagutzak nahiz aholkuak partekatu eta azken berrien inguruan informazioa jaso dezakegu.

Gainera, lan hautaketa prozesuak aurrera eraman baino lehen, giza baliabide sailetako teknikariek beraien interesekoak izan daitezkeen hautagaiak topatzeko asko erabiltzen duten tresna dela badakigu, estatistikek horrela erakutsi baitute.

Dena den, esparru profesional zein pertsonalean LinkedIn sare sozialaren inguruan hitz egiten hasten bagara, bi iritzi nagusi ageri ohi dira gehienetan:

  1. Tresnak askotariko helburuak lortzeko balio duela uste duten pertsonak; lan aukera berriak sortzeko aukera paregabea eskaintzen duela defendatuko dutelarik. Gainera, arlo profesional berdineko pertsonekin kontaktua egin eta ezagutza partekatzeko tresna bikaina dela pentsatuz.
  2. Tresnak gutxirako balio duela sinesten duten pertsonak; LinkedIn sare sozialean kontu propio bat ireki zutenetik, ezer gutxirako balio izan diela pentsatzen dutenak.

Seguraski, bi iritzi horiek sortzearen atzean, tresna erabiltzeko garaian jarraitu dituzten erabilpen irizpideak daude, jarraibide egokiak zeintzuk diren jakin eta hauek errespetatzea ez baita beti ohikoa izaten.

Hori dela eta, tresnari ahalik eta zuku gehien ateratzen ikasi eta benetan tresna baliagarri bat izatera iritsi dadin, hementxe LinkedIn tresna egoki erabili eta emaitza baliagarriak lortzeko hainbat aholku.

LINKEDIN MODU EGOKIAN ERABILTZEKO AHOLKUAK:

  1. LinkedIn-eko profila 100%-ean bete, argazki eta guzti. Argazkia ateratzeko garaian, fondo txuri baten aurrean jarri eta arropa txukuna erabili (ohiko lan egun batean erabiliko genukeen arropa jantzi). Horrez gain, azaleko argazki txukun bat igo eta ondo kokatu. Horretarako, Canva bezalako edizio tresnak baliagarriak izan daitezke, gure diseinu pertsonalizatua sortu eta sare honetarako egokienak diren neurriak errespetatzeko.
  2. Profilean izenburu profesional erakargarri bat idatzi. Profesionalki definitzen zaituzten ezaugarri horiek nabarmenduz, gaitasun profesionalak barne. Azken finean, beste antzeko profilekiko ezberdintasuna lortzea izango da helburua, atentzioa lortzea. Beraz, merezi du denbora bat eskaintzea hau ondo osatzeari.
  3. Gure profilean, izenburuaren azpian dagoen laburpen atala gure arlo profesionaleko hitz gakoekin osatzea gomendagarria litzateke gainera, bertan ondoko informazioa jasotzea interesgarria izanik: gure lorpen profesional azpimarragarrienak, puntu sendoak, gaitasun profesional zein pertsonal nabarmenak… Datu horiez gain, gure egungo zein etorkizuneko helburu profesionala argi eta garbi azaltzea baliagarria litzateke. Horrela, guri buruzko informazio osatua eskainiko genuke. Kasuan kasu, langabezian izanda edota lan bilaketa prozesu batean bagaude, atal honetan argi eta garbi adieraztea komeni da.
  4. Gaitasun eta ezagutzen atala egoki betetzea. Benetan deskribatzen gaituzten gaitasun eta ezagutzak jasoz. Hobe da kopuru aldetik gutxi jartzea eta bakoitzaren kasuan adierazgarrienak direnak zehaztea, pertsona gehienek jartzen dituztenak errepikatzea baino. Gainera, adierazgarrienak diren horiek topatzeko, aurre lanketa bat egitea oso garrantzitsua izango da beti. Horretarako, autoanalisi bat egitea gomendatzen dizuegu (AMIA bezalako teknikak lagungarriak izan daitezke).
  5. Gurekin lan egin duten pertsonek, bezeroek edota bestelako egoera batean gurekin lanean egon direnek, guri buruzko aipamenak egitea positiboa izango da beti. Horretarako, pertsona hauekin hitz egin eta gure profilean guri buruzko iritzi profesionala idaztea positiboa izango da. Hori bai, kontuz hauek benetazkoak ez izatearekin, kontrako efektua izan dezakete eta. Zintzotasuna eta benetazko iritziak izatea zaindu.
  6. Profileko URL edo helbidea aldatzea komenigarria da. Bakoitzaren izen abizenak agertzea gomendagarria izango da beti (profil atalera sartzean, goian eskubian, lauki urdin batean aukera hori ikusiko dugu garbi).
  7. Kontaktuak egiterako garaian, gure arlo profesionaleko pertsonekin harremana egitea izango da beti irizpide nagusia. Hori dela eta, nahiz eta pertsona bat ezagutu, berarekin lanean aritu ez bagara, hobe da gure kontaktu sareko kide ez izatea. Gainera, nahiz eta pertsonalki norbait ez ezagutu, gure arlo profesinalekoa bada, komenigarria izango da berarekin konektatzea, batez ere ezagutzak, aholkuak, berriak, lan eskaintzak… partekatzen baditu, hauen berri izan dezagun.
  8. Talde edo komunikate berrietan parte hartzea eta gure iritzia idaztea interesgarria izango da, gure ikusgarritasuna handitzeko helburuz. Beti ere, eskaintzen ditugun aholkuak interesgarriak eta baliozkoak badira eta taldeak gure lan arloarekin erlazioa badu.
  9. LinkedIn-en profil pertsonalez gain, enpresa orrialdeak daude eta gure interesekoak diren enpresen orrialdeak jarraitzea interesgarria da, batez ere, beraiek gure berri izan dezaten. Bestalde, hauen azken berrien inguruan berehalako informazioa jaso ahal izango dugu: beraien inguruko berriak, sektoreko legedi berria, lan eskaintzak…

Beraz, ikusten duzuenez, LinkedIn tresna benetan baliogarria izan dadin, hau modu egokian elikatzea da gakoa. Dena den, emaitzak benetan baliagarriak izan daitezkeenez, gogor lan egiteak merezi du!