2025/05/26

2025. EUSKARALDIAren biharamunarekin esnatu gara TaPuntun. Txapak etxean utzi ditugu baina, lortu ote dugu hartu genituen konpromisoak betetzea? Hitzeko pertsonak gara edo ez?

Gure euskometro propioa jarri dugu martxan horretarako, eta hemen behean dituzue gori-gori sutan ditugun gaiak, baita izoztuta bidean galdu direnak ere!

(Jarraian adierazitakoa ERREALITATEA da, eta ez inondik ere fikzioa).

Ane eta Mikelek erdarakadei muga, langa eta txarrantxak jartzeko konpromisoa hartu zuten: Konpromiso hau martxan jarri dugunetik alerta-sistema piztu zaigunaren sentsazioa daukagu, erdarakadak nabarmenago dira gure belarrietara eta aldaketa txiki bat sumatzen dugu. Ez gara uste genuen bezain garbiak!

Ekain, Aritz eta Ane Gipuzkoako hiri/herri politena erabakitzeko euskara hutseko eztabaida amaigabean abiatu ziren, eta, beharrazkoa balitz, birao euskaldunekin egiteko konpromisoa hartu zuten: Biraoetara ez gara iritsi, batzuetan mingain puntaraino etorri arren. Beharrezko ikusiz gero, Goenkalek egindako ekarpen izugarriari esker, badugu nahikoa helduleku. Baina eusten diogu euskara hutsean aritzeari amaierarik gabeko eztabaida honetan.

Ainhoa, Mikel eta Arkaitzek esparru profesionaleko hitz tekniko gehiago euskaraz ikasi eta euren artean erabiltzeko konpromisoa hartu zuten: Ez dugu hitz tekniko berririk ikasi, baina orain, aldiz, adi gaude gure mezu eta dokumentazioak idaztean, erdarakadak ekiditen. Oraindik ere, badugu zer hobetu!

Esti, Ekaitz eta Gorettik “erdarakadazko satorrak” harrapatu eta zuloak estaltzeko konpromisoa hartu zuten, euskararen baratzeak emari oparoagoa izan zezan: Dezente ari zaigu kostatzen, satorrak oso iheskorrak dira eta gu ere itsu-itsuan erortzen gara askotan sator zulotan. Baina ari gara begiak eta belarriak zabaltzen eta ez dugu erraz etsiko!

Ekain eta Ainhoak euren arteko “euskañol” joera baztertu eta euskara besarkatzeko konpromisoa hartu zuten: Pausoz pauso, hitzez hitz, atzean uzten ari gara “euskañola”, nahiz eta oraindik nahi baino gehiagotan atzetik jarraika daukagun.

Arkaitzek eta Aritzek euren arteko elkarrizketak “hikaratzeko” konpromisoa hartu dute: Asko kostatzen ari zaigu toka aritzea, are gehiago gainerako lankideekin noka egitea. Zer esanik ez herri bakoitzeko hika sartzen zaigunean tartean. Baina pixkanaka ikasteko gogoz gatxauek!

Goretti eta Ane noka aritzeko konpromisoan abiatu ziren: Asko zekanau hobetzeko baina ez zaigun arrotza egin emakumeon artean hika aritzea, eta horrela jarraituko dinagu, erabateko arintasuna lortu arte.

Bederatzi ahobizi aritu gara ariketa betean eta, esan genezake, orokorrean, uste baino zailagoa egin zaigula erderakadak ekiditea, euskarazko hitz teknikoak erabiltzea edo, tentsio momentutan, euskarazko biraoekin hustutzea! Hala ere, debekatutako fruituaren lehen hurrupa dastatu dugu elkarrekin hika aritzean.

Orain TaPuntun, hartutako konpromisoak mantentzen jarraitzeaz gain, gure artean hika aritzeko joera sortu dugu, desafinatutako elektro-txaranga bat dirudigun arren, karkarkar! Kontatuko dizuegu ea TOKANOKA labirintoan galduta gelditzen garen edo ez 😉

Eskerrik asko EUSKARALDIAri, belarriak findu eta ahoak zorrozten laguntzeagatik!