2017/12/15

Iturola Elkarlan Sorgunea

Iturola, berrikuntza eta eraldaketa sozialean oinarritzen diren esperientzia ekonomikoen bilgunea da, Inteligentzia Kolektiborako Laborategia. Komunitatearen elkarlana ardatz eta pertsonen ongizatea helburu, proiektu sozioekonomikoak garatzeko baliabideak eskaintzen ditu, Beterri-Buruntza eskualdeko ekintzaile eta eragileen artean sarea osatuz, eta ideia, zerbitzu eta ezagutzen elkartrukea sustatuz. Berrikuntza Soziala, egitasmo ezberdinek ingurua eraldatzeko eta onura soziala sortzeko duten gaitasuna bezala ulertzen dugu bertan gaudenok. Horrela, Iturolan, gizartearen beharrei erantzuna ematen dieten proiektuak sustatu nahi dira, pertsonekiko eta inguruarekiko konpromisoa handituz, modu kolektiboan.

Elkarlan sorgunea

Elkarlan Sorgunea lanerako espazio partekatua da, sektore ezberdinetako profesionalak elkartu eta giro kolaboratzailean beren eguneroko jarduna eta proiektuak garatzeko gunea. Komunitate honen kide izatea motibazio iturri gisara ulertzen dugu, diziplina anitzetako langileen arteko harremana sortzeak, elkarlana bultzatu eta ideia, ezagutza eta proiektu berriei ateak irekitzen baitizkie. Izan ere, ekintzaileei, bai profesionalki bai sozialki garatzeko aukera zabala eskaintzen diete espazio hauek, ahalduntze kolektiborako baliabideak emanez.
 Elkarlan Sorgunean, ekintzaile bakoitzak bere denbora, gaitasun eta esperientziak elkarbanatzeko konpromisoa hartzen du, balio hori guztia denon eskura jarriz eta tokiko beharrak asebeteko dituzten proiektu berritzaileetan inplikatuz.

Sarea

Hainbat gara elkarlan sorgune honetan lanean eta elkarlanean: Harago aholkularitza, Bira produkzioak, Arremanitz, Ingutek, Ark, Soy Thaïs naiz, Eibe, EH Trip… Gure arteko funtzionamendua geroz eta gehiago findu eta lantzen eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen. Eta zuk, sare honen parte izan nahi al duzu?

Iturola sarea

Iturolan gure proiektua posible egin den bezala, zurea ere posible egin daitekeelako. Animatu eta gerturatu Iturolara!