2025/06/06

Finantza Etikoak

Entzun audio formatuan

Enpresa batean administrazio eta finantzak alorra kudeatzea ez da kontu makala. Enpresaren egoera ekonomiko finantzarioa ahalik eta osasungarrien mantentzeko ardura handia da eta, denon hobe beharrez, komeni da eguneroko lanak ganoraz hartzea.

Dena ondo bidean, ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran irabaziak izatea litzateke eszenatoki idealena eta, urtez urte, erakundearen lasaitasunerako aurrezkiak sortzen joatea.

Baina, behin hori gertatuta, zer egin lorturiko aurrezkiekin?

Kudeatzaile eraginkor baten lehen hautua merkatuak egun eskaintzen dituen aurrezki kontu errentagarrietan dirua inbertitzea litzateke, ahalik eta interes tasa handiena lortzeko helburuz. Aldiz, garrantzitsua iruditzen zait puntu honetan hausnarketa bat mahaigaineratzea.

Kudeatzaile horrek non lan egiten duen kontuan hartu beharko luke?

Nire iritziz, zalantzarik gabe, bai. Kudeatzaile horrek zein erakunderen parte den kontuan hartu beharko luke eta praktikan horren baitako erabakiak hartu. Hau da, barne mailako ekintza eta erabakietan enpresaren balioak presente edukitzea eta ez soilik errentagarritasun ekonomikoa bilatzea.

Gure kooperatibaren kasuan, adibidez, aurrezkiak sortzen joan garen heinean Finantza Etiko eta Solidarioko entitateetan inbertitu ditugu, gure artean balio komunak partekatzen ditugu eta.

Balio horien artean, hementxe labur Finantza Etiko eta Solidarioek bilatzen dituzten helburuak:

  • Finantza etikoek pertsonen ongizatea bultzatzen dute, ekonomia inklusibo eta jasangarriago batengatik apustu eginez.
  • Beraien bazkideen aurrezkiak gizartean eta ingurumenean eragin positiboa duten proiektuetara bideratzen dituzte.
  • Komunitatearekiko interesa: komunitate ezberdinen garapen jasangarria lortzeko lan egiten dute.
  • Parte-hartzea eta informazioa oinarri: bazkideek informazio gardentasuna eta erabakitzeko eskumena izatea bermatzen dute.

TaPuntun, gure aurrezkiak bertan inbertitzeaz gain, finantzazio beharra izan dugunean ere entitate horiengana jo izan dugu, zehazki Koop57 EH entitatera. Argi utzi nahi dugu, gainera, bazkide erabiltzaile gisa jasotako zerbitzua eta tratua ezin hobea izan dela; diru kontuez hitz eginda ere, proiektuaren eta bertako kideen ongizatea bilatzen dutela argi ikusi dugu.

Beraz, hau dena esan ondoren, ohiko aurrezki kontu tradizional horien erabiltzaile bazara, bai era pertsonalean zein erakunde baten ordezkaritzan, Finantza Etiko eta Solidarioei aukera bat ematea gomendatuko genizuke, zure aurrezkien bidez gizartean eta ingurumenean eragin positiboa sortuko duten proiektuak babestuko dituzu eta.