2025eko otsailaren 21ean jakin nuen haurdun nengoela. Egia esan inoiz planteatu ez nuen gai bat zen baina, azken urtean buelta batzuk eman ondoren, plan horrekin aurrera egiteko erabakia hartu genuen.
Inoiz planteatu ez izanak gaian interes gehiegi jarri ez izana ere bazuen bere baitan baina, baiezko hori jaso nuenean, mundu berri bat ireki zen nire bidean. Eta zer nolako mundua, goitik behera informazioz betea, bere luze eta zabalean.
Gutxinaka pertsona ezberdinekin hitz egiten hasten zarenean konturatzen zara unibertso paralelo bat dagoela amatasunaren inguruan eta ez dakizula EZER. Baina, norbaitek bai?
Amatasunaren inguruan 10 liburu onenak, 2 ordutan erditzeko kapaza izateko ariketa egokienak zein diren, nola ekidin zesarea bat, nola jantzi zaitezkeen zure “idantitatea” mantentzen jarraitzeko nahiz eta haurdun egon, zer jan eta zer e… A! Eta umea, noski… Umeak behar pila bat ditu. Jaiotzen denerako zein gauza behar dituzun etxean txukun eta ondo klasifikatuta, haietako zenbat traste diren “ezinbestekoak”, zer eraman behar duzun ospitalera, karroa, kotxeko aulkia, etxeko entxufeak estali behar dira, aldatzeko behar duen altzaria, bainua hartzeko bainuontzi, adur-zapi, txupete, muselina, moises eta beste hainbat gauza, zer diren ere ez dakidana.
Ouuuu, mama! Txundituta utzi naute behin baino gehiagotan sareetan aurkitu ditudan bideoek. Nola egin zuten gure amonek eta amek pertsona horien aholkurik gabe? Denetarik dakite. Eta noski, nik ere hori guztia eta askoz gehiago jakin beharko dut dena “kontrolpean” izan nahi badut. Gaztetako interrailak baina inprobisatuagoa izango delakoaren susmoa dut nik.
Guraso izan den jendearekin topatzean erreakzioak oso negatiboak izaten dira batzuetan; Badakizu non sartu zaren? Aprobetxatu lo egiteko orain, gero hori bukatuko zaizue eta. Bidaiatzen jarraitzeaz ahaztu hemendik aurrera. Parkeetan pasako duzue eguna orain. Aprobetxatu orain zinemara joateko, kanpoan afaltzeko eta irakurtzeko, gero dena bukatuko zaizu eta… Benetan? Horren traumatikoa izango da? Hori dioten zenbaitek bi eta hiru seme-alaba izan badituzte, zerbait ona izango du gurasotasunak, ezta?
Erditze aurreko klaseetan erakutsi digute hormonen inguruan, erditzeko modu ezberdinak, mina ekiditeko ariketak, edoskitzea nola egin ahal den erosoen, erditzeondoan nola zaindu, umea nola hartu, motxila, karroa edo trapua, non eta nola egin dezakeen lo…
Informazio hau oso baliagarria da baina, non dago jakintasunaren muga?
Informazio gehiegi izateak lasaitu ala estresatzen gaitu?
Hasieratik izan dut sentsazioa master bat egin beharko dugula egoera honi aurre egiteko. Epidurala bai edo ez, titia eman edo ez, umeak gurekin egingo du lo edo espartanoen modura terrazan utziko dugu neguan gogortu dadin… Nola hartuko ditut erabakiak inoiz pasa ez dudan egoera baten aurrean? Honekin aurrera egiteko gai izango naiz? Jakin behar dudan guztia badakit ala erditzerako momentuan arnasa nola hartu behar den ahaztuko zait?
Liburu bat baino gehiago irakurri ditudala onartu behar dut eta informazio interesgarri asko aurkitu dut bidean, bai profesionalen eskutik eta baita inguruko pertsona askorengandik ere. Baina hala ere, zalantza asko ditut ea erditzerako momentuan honen guztiaren inguruan zerbait gogoratuko ote dudan. Momentuz lasai aurkitzen naiz, organikoki bizi ditut momentuak eta burura gehiegi joan gabe kapazak garela uste dut. Nere lankide Gorettik dioen moduan, “Gorputzak badaki egiten, beraz, entzun iezaiozu”.
Horrekin geratuko naiz, burua alde batera utzi eta, mamiferoen moduan, gorputzak egin dezala egiten dakien hori. Eta gero, gerokoak.