Blogs

sare sozial profesionalak

Sare sozial profesionalak? Bai, eskerrik asko!

TaPuntun formazioak eta sare sozialen estrategiak garatu eta eskaintzen ditugunez, askotan gertatu ohi zaigu, hasiera batean, sare sozialen aldekoak (sare sozial profesionalak barne) ez diren ikasle edo bezeroak topatzea. Denbora pasa huts bezala, txutxumutxuetarako txoko, harreman faltsuak eraikitzeko gune… definitzera iritsiz.

Gaurkoan ordea, nahiko zabaldua dagoen ideia hori alde batera uzten saiatuko gara, sare sozial profesionalei esker interesgarriak izan daitezkeen gauza ugari lortzera iritsi gaitezke eta.

Baina… zer ote dira sare sozial profesionalak?

Hitzak dioen moduan, modu profesional batean erabilitako sare sozialak lirateke, bai lanik gabe dauden pertsonentzat, zein lanpostu bat dutenentzat baliagarriak izan daitezkeenak.

Esparru pertsonal batean erabilitako sare sozialekin alderatuz, sare sozial profesionaletan lagunak beharrean kontaktuak genituzke, pertsonalki ezagutu behar izan gabe. Normalean gure sarea esparru profesionalari esker ezagutu ditugun pertsonek osatuko lukete (gure lankide, lankide ohi, proiekturen batean elkarrekin lan egindako pertsona, intereseko enpresa… eta antzekoak).

Edukiei dagokienez, gure lanpostu edo sektorearekin zerikusia izatea gomendagarria litzateke, iritzi pertsonalak ekidinez.

Azken finean, kutsu profesionala duten sare sozialak lirateke, gure garapen profesionalerako baliagarria den informazioa lortzeko aukera eskainiko digutenak.

Estatu mailan, sare sozial profesional erabilienak ondokoak lirateke: Linkedin, Xing eta Viadeo.

Zertan lagundu gaitzakete?

Pertsona bakoitzaren egoeraren arabera, sare sozialak helburu batekin edo bestearekin erabil ditzakegu:

  1. Langabezian egonda, gure lan hautagaitzaren berri eman ahal izateko.
  2. Gure antzeko profil profesionala izan dezaketen pertsonen informazioa ikusi eta aztertu ahal izateko (gure balio erantsia identifikatzeko bide gisa).
  3. Lan aukera berrien inguruan informazioa lortu ahal izateko.
  4. Gure sektore edo interes profesionaleko gaien inguruan berehalako informazioa lortzeko.
  5. Sektore batean ikusgarri izan eta erreferentzialtasuna lortzera iritsi ahal izateko.
  6. Esparruko profesionalak eta enpresak ezagutu eta beraiekin harremanetan jartzeko.
  7. Gure buruan egon daitekeen ezagutza guztia beste profesional batzuekin partekatu eta besteei esker zerbait berria ikasi ahal izateko….

Gainera, pertsonalki baino, enpresa mailan sare sozial profesional edo korporatiboak izatera aukera bat da, ondoko aukerak zabaltzeko baliagarria:

  1. Gure produktu edo zerbitzuen inguruko publizitatea egin, sare sozialetan dauden erabiltzaile ugarietara iritsiz.
  2. Gure publikoa ezagutu, aztertu eta eskaintzen dioguna benetan interesatzen zaien aztertzeko aukera ematen dute (feedback interesgarri bat lortuz).
  3. Enpresa gisa irudi berritzaile eta gaurkotu bat eskaintzea, publikoari unean uneko berriak eta informazioa eskainiz.
  4. Etorkizunean langile izan daitezkeen pertsonen interes maila piztu.
  5. Beste enpresa batzuen lana txalotu eta networking edota saretzea egiteko aukera (kolaboratzaile, bazkide, langile… berriak topatzeko bideak dira eta).
  6. Bezeroei enpresarekin harremanetan jartzeko bide berri bat irekitzeko aukera, komunikazio ireki eta parte hartzaile bat sustatuz…

Erabiltzaile asko ote?

Zalantzarik gabe, BAI.

Pertsona askorentzat ezezagunak edo erabilpen gutxikoak diren arren, gaiaren inguruan egin diren azken azterketen emaitzek argi eta garbi erakusten dute geroz eta erabiltzaile gehiago dituztela, enpresak barne. Erakunde askoren kasuan gainera, lan tresna baliagarri eta interesgarriak izatera iritsi dira, enpresarentzat aukera paregabeak lortuz.

Azken finean, hain ez egonkorra bilakatu den lan munduari aurre egiteko primerako tresnak direla esan genezake, etengabean moldatu, aldatu eta hobetzen baitira, eskaintzen dituzten aukerak anitzak eta interesgarriak izanik.

Beraz, hurrengo batean sare sozial profesionalen inguruan galdetzen badizute, badakizu zer erantzun: bai, eskerrik asko!

 

Partekatu: