Blogs

Marketin emozionala

Marketin emozionala

Marketin emozionalari buruz ari garenean, kontsumitzailearekin konektatzeko tekniketaz ari gara. Bezeroarekin konexio emozionala lortzea da marketin mota honen helburua, eta geroz eta gehiago erabilzen den teknika da.

Gizakioi sentimenduek mugitzen gaituzte, askotan arrazoia alde batera utziz. Modu honetan, gure publikoa emozionatzea lortzen badugu edo, nolabait, bere bihotza ikutzen badugu, emozio horrekin erlazionatuko dute gure produktu edo zerbitzua. Gure ezberdintasuna izan daiteke lehiakidengatik bereizteko, gure estrategia bezeroaren fidelizazioa lortzeko, gure modua produktuak edo zerbitzuak saltzeko…

 

10 gako marketin emozionala lantzeko orduan

1. Pertsonak

Gure bezeroak ez dira gure kontsumitzaileak, pertsonak baizik. Beraz, bezeroaren diagnostikoa egitea beharrezkoa da. Beraien ezaugarri, beharrak eta nahiak ezagutu behar ditugu, beraiengana ahalik eta gehien gerturatzeko. Gure publikoarekin konektatzeko, nahi ta nahi ez ezagutu behar dugu. Ez ahaztu, gure publikoa pertsonak dira!

2. Esperientziak

Ez dugu produktu edo zerbitzua saltzen soilik, esperientzia bat saltzen dugu. Ahaztuko ez duen momentu edo produktua eskuratzeko aukera izango du, eta horrela azaldu beharko genuke. Esperientzia onek gurekin bizitza osoan bidaiatzen dute, ahaztezinak izatera iritsiz. Erabiltzaile batek esperientzia on bat badu, lagun eta ingurukoei kontatuko die, sare sozialetan hedatuko du… eta, azken finean, bezero gehiago erakarriko ditu gurera.

3. Konfiantza

Bezeroak guregan bere konfiantza jartzen du, baina denborarekin bermatuko da guztiz. Lagun artean ere, urteak pasa eta gero jorratzen da konfiantza, benetazko ekintzekin. Lan munduan ere, bezero eta negoziaren artean benetazko konfiantza sortzea oso garrantzitsua da. Agian ez da bezerorik onena izango, baina konfiantza dagoen bitartean, iraukorra izango da.

4. Lehentasuna

Kalitateak izan behar du lehentasuna, baina, modu berean kalitateak prezio egokia izan behar du. Kalitateak ekartzen du lehentasuna, eta behin hau lortuta, errazagoa izango da salmenta.

5. Ospea

Ezaguna izateak ez du esan nahi maitatua izatea. Marka landu behar da, gure identitatea ondo saldu behar dugu, bai, baina batez ere, bezeroak gu maitatzea lortu behar dugu. Baina nola? Markaren atzean dauden pertsonak azaleratuz eta lorpenak ospatu behar dira, baina baita akatsak aitortu eta komunikatu. Horrek markaren atzean dauden pertsonak azaleratuko du, eta modu honetan erlazio berezia sortu.

6. Nortasuna

Nortasunaren garrantziaz zer esango dizugu guk? Gure leloa “Nortasuna saretuz” izanda, argi daukagu proiektu edo lan bakoitzaren nortasunak baldintzatuko duela guztiz lana. Nortasuna ezarri behar zaio egiten den orori, eta modu honetan gure publikoak jakingo du gu garela. Nortasunak onarpena ekartzen du, izaera, xarma…

7. Sentimendua

Lan egitean sentimendua jartzen badiogu ikusi egiten da, eta sentimendu horrek arrakastan laguntzen du. Produktu edo zerbitzu bat funtzionala izatea soilik ez da nahikoa ez badu zure barrenean sentimendurik ikutu. Gurekin lan egitean, gure produkturen batek… sentimendu bat adierazten badio bezeroari, iraunkorra izango da.

8. Presentzia

Nonahikotasunetik presentziara pasa behar dugu. Nonahikotasuna ikusten da, baina presentzia emozionala nabaritzen da. Bezeroak gertu sentitzen bagaitu, behar gaituenean prest bagaude, seguru sentituko da.

9. Elkarrizketa

Komunikaziotik elkarrizketara salto egin behar dugu. Sare sozialetan adibidez, askotan kontatu egiten dugu. Ezberdina da elkarrizketa bat egitea, sentimenduak partekatzea. Tresnaren atzean beti publiko bat dago eta honen erantzuna espero, eta bilatu, beharko dugu.

10. Erlazioa

Zerbitzutik erlaziora pasa behar gara. Zerbitzuak saltzen ditugu bai, eskaintzen ditugu, baina ezin gera horretan geratu soilik. Erlazioa sortu behar dugu bezeroarekin, ahal bada, erlazio iraunkorra. Hau lortzeko, bezeroa ezagutu eta zaindu behar da.

Ondorioz, emozionalki ezberdindu behar gara, erabiltzaileen bihotzetara bidaiatu behar dugu bertan lekutxo bat egin, betirako geratzeko asmoz.
Partekatu: