Blogs

Arantxa Erasun

“Gorputz adierazpenari eskainiko nioke, jendeaurrean hitz egiteko orduan, ikasketa eremu berezitua”

Arantxa Erasun Urtzelaieta Harago Aholkularitzan lanean diharduen hernaniartutako andoaindarra da. Kazetaritzan lizentziatua da baina komunikazioaren arloaren inguruan ibili da urte askotan. Emakumeen ahalduntzerako eta (barne) mugak gainditzeko bitartekoak eskaintzen dituen JABE programa lantzen dabil azken hilabeteetan zehar. Duela gutxi, Elkar argitaletxean egin dugun formazio planaren baitan, “Jendeaurrean hitz egiteko gakoak” saioa eskaini zuen. Hau dela eta, gaiaren haria heldu eta elkarrizketa bat izan dugu gaurkoan.

Zein testuinguru esango zenuke dela egokiena eta zein zailena jendeaurrean hitz egiteko orduan?

Testuingurua kontuan hartzea bera bilakatzen da hitzaldi bat edota jendaurrean hitz egiteko egoera bat egoki bilakatzeko bide. Testuinguru hori osatzen duten pertsonak, entzuleak, kontuan hartzea, bertara eraman gaituen gaia zein komunikazioaren testuinguru osoa (nondik nora iritsi den egoera hori) eta zertara goazen kontuan izatea… eraginkortasunerako aldagai dira.

Hori kontuan izanda,  ezagutzen ez dugun edozein testuinguru egingo zaigu zaila hitz egiterako orduan, baina egokitasuna prestaketan, trebakuntzan, aritzean… lortuko dugu. Eltzea sutan frogatzen da, eta irakinaldi asko beharko ditugu egoki aritzeko.

Seguru sentiarazten gaituzten eta inseguru sentiarazten gaituztenen artean, nola jo segurura?

Konfidantzak eskaintzen digu segurtasuna, barne konfidantzak. Zentzu horretan, kanpoko aldagaietan baino, geure baitan topatuko dugu. Mintzaldia prestatzeak, aritzeak… lagunduko digu intseguritate edota beldur hori txikiago egiten, baina baita geure motibazioak eta gogo biziak ere.

Alde horretatik, geure nahi eta sinesmenekin lotzen gaituen hori geure lurra bilakatuko da halako egoeratan.

Zein teknika gomendatuko zenioke inoiz jendeaurrean hitzaldi bat egin ez duen norbaiti?

Bere buruarekin konektatua egotea, norbera izatea, gaiak edo hitz egin behar dugunak geure barnean duen oihartzunetik aritzea. Egiazkotasun horrek eskainiko digu sinesgarritasuna, eta hori ezinbestekoa izango da entzuleengana iristeko, entzuten gaituzten horiengan oihartzun berri bat lortzeko. Pertsonatik pertsonara ari gara.

Gorputzaren mugimenduak zein punturainoko garrantzia du komunikazioan?

Gorputza, emozioak bezala, komunikazioaren aldagai oso garrantzitsua da. Ez dugu hitzekin soilik komunikatzen, sentitzen dugunarekin eta geure gorputzarekin ere komunikatzen dugu, eta eraginkortasun komunikatiboa oso lotua dago alde honekin.

Ahotsa, eskuak, aurpegiko keinuak, mugimendua… adierazle oso indartsuak dira, eta hitzekin koherentzian, dantzan, bilakatuko zaigu bereziki eraginkor jendaurrean hitz egiterako orduan.

Ikasleen artean maila ezberdinak ikusi dituzu seguru, nola antolatuko zenituzke jendeaurrean hitz egiterakoan identifikatu dituzun profil ezberdinak?

Gorputz adierazpenari eskainiko nioke, besteak beste, ikasketa eremu berezitua. Hitzen inguruan trebakuntza izatea ohikoagoa da, zabalduago dago geure artean, baina gorpuzkeraren aldea ez dugu hain jorratua edota landua. Ez da gauza bera irratirako hitz egitea edo jendaurrean aritzea. Hitz berak erabiliko ditugu agian, ahots tonu bera, baina gorputzak beste “lan” bat du jendaurrean aritzerako orduan.

Horrez gain, emozioen kontzientzia eta kudeaketari ere eskainiko nioke trebakuntza bereziturako tartea. Konturatzeak berak beldurrean zehar ibiltzeko zein konfidantzarako bidea lantzeko aukera eskaintzen baitu. Bidea badugu eremu honetan, ahantzitako aldea izaten baita.

Mila esker Arantxa eta espero dugu mugen gainetik jarrai dezazula harago iristen!
Partekatu: