Blogs

Puntu soziala

Abian jarri dugu berriro PuntuSoziala egitasmoa

TaPuntu sortu zen momentu beretik, proiektuaren bultzatzaileok argi genuen kooperatiba honek, gure ogibide izateaz gain, zerbait gehiago ere izan behar zuela. Ekonomia gizartean eragiteko tresna gisa ere ulertzen dugu eta, bide horretan, hainbat modutan lantzen dugu gure alde soziala.

Esate baterako, ekonomia sozial eta eraldatzailean lanean dihardugun kooperatiben Olatukoop sareko kide gara eta beste hainbat elkarlan ditugu eskuartean. Gainera, bi proiektu garatzen ditugu TaPuntuko kideok ere: Nortasuna Sarean jardunaldia eta PuntuSoziala egitasmoa. Lehenaren inguruko berriak laster zabalduko ditugu, baina bitartean PuntuSozialaren bigarren edizioaren inguruan arituko gara.

PuntuSoziala egitasmoa

Egitasmo honen funtsa oso sinplea da: urtero gizartean eragin positiboa duen proiektu bat saritu eta indartzea.

Edozein norbanako, enpresa, elkarte edo eragilek har dezake parte. Horretarako, nahikoa da puntusoziala.eus web-orriko formularioa betetzea urriaren 6a baino lehen. Hautaketa fase baten ondoren, proiektu bat aukeratuko da irabazle gisa.

Aukeratzen den proiektuak sari gisa TaPuntu-ren zerbitzuak doan jasoko ditu urtebetez, indartu beharreko arloetan bultzada bat jasotzeko.

Aurreko edizioa

Arestian aipatu moduan, abian jarri duguna PuntuSoziala egitasmoaren bigarren edizioa da. Lehen edizioan hamalau hautagaitza jaso ostean Basherri Sarea, Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatiben elkartea, izan zen saritua.

Egindako lanketaren baitan beraien bideo korporatiboa osatu genuen, sare sozialen estrategia garatu genuen eta e-mail marketin kanpainak burutzearen inguruko formazioa eskaini genien doan.

Adibide gisa, hementxe prestatu genien bideoa:

Gizartean eragin positiboa duen proiektu bateko kide bazara, arin ibili, epea amaitzear da eta! Eman izena puntusoziala.eus web-orrian.

Partekatu: