Beterri Km0: komunikazio plangintza eta ekintzak

Beterri-Buruntza eskualdean tokiko produktua sustatzeko ekimena da Beterri Km0. Labur esanda, janari denda, jantoki publiko zein taberna eta jatetxeetan bertako produktua saltzea erraztuko da. Beste hainbat lan ildo ere jorratuko dira elikadura subirautza oinarri duen proiektu honetan.

Komunikazio estrategia, ondorengo ekintzen oinarri

Komunikazio estrategiarik gabe, nondik hasi? Ezer baino lehen, proiektuaren hasieran informazioa ongi jaso eta proiektuaren komunikazio estrategia garatu genuen. Horretarako, hainbat arlo hartu genituen kontuan:

  • Publikoaren definizioa. Nori ari gatzaio mezuak igortzen? Zein da helarazi nahi dugun mezua?
  • Beharko ziren euskarrien definizioa, diseinua eta produkzioa.
  • Komunikazio ekintzak pentsatu eta definitzea. Zer eta noiz komunikatu.
  • Kronograma zehatz bat prestatzea eta horren arabera ekintza komunikatibo bakoitzaren exekuzioa koordinatzea.

Prentsa kudeaketa eta prentsaurrekoa

Maiatzaren 15ean proiektua aurkezteko prentsaurrekoa egin genuen Hernanin. Prentsaurrekoa diseinatu eta koordinatzeaz gain, prentsa kudeaketaz arduratu ginen: deialdia idatzi eta prentsari bidaltzea, prentsa oharra idaztea, etabar.

Noski, esan gabe doa proiektuaren parte diren eragile ezberdinek (Beterri-Buruntza udalak, Karabeleko, Ximaurpila, Hiritik At, Behemendi) lan eskerga egin genuela aurretiaz.

Beterri Km0 aurkezteko prentsaurrekoa

Beterri Km0 sareko dendak eta produktuak identifikatzeko euskarriak

Bertakoen sare honen barruan dauden janari denda, jantoki publiko zein taberna eta jatetxeak Beterri Km0 zigiluarekin bereizi eta identifikatuko dira, kontsumitzaileek erraz bereizteko moduan.

Beterri Km0 pegatina

Hortaz gain, establezimendu bakoitzean Beterri Km0 produktuak ere identifikatuko dira, diseinatu ditugun euskarri hauei esker.

Beterri Km0 produktuak identifikatzekoa

Webgunearen diseinua eta garapena

Proiektua herri bakoitzeko establezimendu ezberdinetan gauzatuko den arren, honen komunikazio digitala ere beharrezkoa da, noski. Hori dela eta, komunikazio digitalaren erdigune den webgunea diseinatu eta garatu dugu.

Proiektuaren atal ezberdinak gauzatzen joan ahala eta sarea zabaldu ahala, webgunea ere osatzen joango gara.

Beterri Km0 webgunea beterrikm0.eus

Triptikoa

Herritarrok kontzientzia hartzea ere beharrezkoa da burujabetzez ari garenean. Horretarako, proiektuaren ezaugarriak modu zehatzean azaltzen dituen triptikoak diseinatu ditugu.

Beterri Km0 triptikoa

Ibilbide luzeko proiektua izanik, komunikazio estrategiaren barruan beste hainbat ekintza komunikatibo ditugu aurreikusita, gauzatu ahala hemen gehituko ditugunak.

Zirraragarria da, beste eragile batzuekin batera, gizartean hain eragin zuzena duten proiektuetan parte hartzeko aukera izatea.

Zer landu dugu?
Norentzako

Beterri-Buruntza udalak