Blogs

marka pertsonala

Zure marka pertsonala egoki osatzeko gomendioak

Hainbatetan hitz egin dizuegu gaur egun marka pertsonalak duen garrantziaz. Hain zuzen ere, martxan ataleko azken sarrera honetan, gaia jorratzeaz gain, TaPuntun honen inguruan antolaturiko ikastaro baten berri eman genizuen.

Gaurkoan gai honi berriro ere eustea erabaki dugu. Izan ere, ondoan ditugun pertsona askok, marka pertsonalari buruz gehiago jakiteko interesa dutela argi adierazi baitigute. Honen garrantziaren jakitun izanik, baina zer nolako pausuak edo irizpideak zaintzea komeni den argi izan gabe.

Lehenik eta behin, marka pertsonal diogunean, zertaz ari garen azaltzea komenigarria dela uste dugu.

Marka pertsonala, marketin digitalaren estrategiak  gure profil profesionalari aplikatzearen emaitza da. Profesionalki eskaini nahi dugun irudia lantzeko prozesu landu eta eraginkorra.

Baina zertarako ote?

  • Lan merkatuan ikusgarritasuna lortzeko.
  • Gure profil profesionala, gainontzeko lan hautagaietatik ezberdintzeko.
  • Gure gaitasunak eta trebeziak modu egoki batean azaleratzeko.
  • Enpresen aldetik gurekiko konfidantza lortzeko.
  • Sektore zehatz bateko beste profesionalekin iritziak partekatu edo erreferente bihurtzeko.
  • Eta nola ez, gure burua hobeto ezagutzera iristeko (bai profesionalki zein pertsonalki).

Aurreko zerrendan aipaturiko helburuez gain, beste batzuk izan ditzakegu. Hala ere, martxan jarri baino lehen, hementxe gure ustez prozesuan zaindu beharreko irizpideak:

  • Adierazgarritasuna: gure ingurunerako baliagarria izango den zerbait eskaintzeko gai garela argi izan eta eskaintzeko une egokia aukeratzen jakin beharko genuke.
  • Zintzotasuna: oso garrantzitsua da zintzoak izatea marka pertsonala sortzeko garaian. Alegia, ez garen hori saltzen ez saiatzea. Gure mezuak eta nortasunak bat etorri beharko lukete beti.
  • Sormena eta desberdintzea: gure lehiakideengandik ezberdintzen gaituen hori bilatzea oso garrantzitsua izango da. Gure balio erantsia topatzen saiatu beharko genuke.  Ez daude bi pertsona berdin eta hori dela eta, gure barne azterketa egitea ezinbestekoa izango da marka pertsonala definitzeko garaian (horretarako, gu ondo ezagutzen gaituzten pertsonen laguntza izatea baligarria izan daiteke).
  • Ikusgarritasuna: gure profil profesionala ezagutarazi beharko genuke. Hor gaudela adierazi eta eskaintzeko zerbait dugula argi azaltzea izango da gakoa.

Dena den, ez dugu ahaztu behar, marka eta pertsona batzeak onura asko ekar ditzakeen arren, era berean arrisku batzuk ekar ditzakela ere:

  • Marka pertsonala landu duen orok, ondo baino hobeto jakingo du prozesu bat errespetatzeak berebiziko garrantzia duela. Eman beharreko pausoak ezagutu gabe, hala nola jarduten duen pertsonak, lortu nahi duenaren kontrako efektua sortzeko arriskua izan dezake.
  • Horrez gain, prozesu egoki batek eskatuko duen denbora luze guztia errespetatzea zaila izango da kasu askotan, hau erdibidean edo bukatu gabe uzteko arriskua izanik.
  • Askotan irudi egoki bat emateko nahi horrek, gure publikoarekin guztiz zintzoak ez izatera eraman gaitzake, edonorrek gure inguruan iritziak idatzi ditzakela ahaztuz. Honek bati baino gehiagori arazoak sortu dizkio.
  • Egun lanean ibili eta lanpostuz edo enpresaz aldatzeko helburua izanez gero, gure lan bilaketa ezkutuan eraman nahi dugun kasuetan, marka pertsonala zaintzeak arazoak ekar ditzake. Profil publikoan eskaintzen diren datuak ez baitira gure egungo helburuekin bat etorriko eta.

Bukatzeko, hementxe prozesu egoki batek errespetatu beharreko pausuak:

  1. Helburua finkatu: marka pertsonala zainduz zer lortu nahi dugun erantzutean datza.
  2. Estrategiak definitu: lortu nahi dugun xedea, zein bide edo estrategia erabiliz lortuko dugun zehaztea.
  3. Hirugarrenik baliabideen fitxa sortu beharko genuke: estrategia bakoitza garatzeko ditugun baliabideak, lortu beharrekoak, estrategiaren arduraduna den pertsonaren zehaztapena, epeak, kostuen aurreikuspena…
  4. Bukatzeko, prozesu guztia ebaluatu beharko genuke. Finkaturiko estrategiak baliagarriak izan diren ala ez aztertu eta hobekuntza proposamenak finkatuz.

Zure marka pertsonala lantzeko gogotsu? Zorte on bidean lagun!

Partekatu: