Blogs

DESIGN THINKING

Zer da Design Thinking metodologia?

Ados egongo zarete gurekin, digitalizazioaren ondorioz enpresak etengabeko eraldaketa bat bizitzen ari direla. Gaur egun, ziurgabetasuna da enpresa gehienen ezaugarri nagusiena eta horri aurre egiteko, gaitasun pertsonal eta profesional zehatz batzuk dituzten langileak lortu eta elikatzen jakitea ezinbesteko bilakatu da. Hain zuzen ere, azkar erantzuten, egoki komunikatzen, moldagarriak izaten eta burugogorrak diren sormen handiko langileak enpresan izatea, ezinbesteko bilakatu da enpresen biziraupena bermatzeko.

Ados egongo zarete ere, gaitasun horiek ez direla egun batetik bestera menperatzen, seguraski lan erraza izango ez delarik. Dena den, pozgarria da jakitea, hainbat pertsona esparru horietan lanean dabiltzatela eta beraiekin batera, lantzen ari diren metodologia berriak ezagutu eta zertan oinarritzen diren ikastea plazer hutsa izan daitekeela.

Design Thinking metodologia:

Hildo horretatik jarraituz,  gaitasun horiek garatzeko Design Thinking metodologiaren inguruan hitz egingo dizuegu gaurkoan, enpresa askotan indarra hartzen ari den metodologia baitugu, emaitza onak ematen hasia delarik.

Hain zuzen ere, pertsonetan oinarrituriko metodologia dugu, gatazken kudeaketa egoki bat egiteko, diseinu alorreko metodologiak erabiltzea planteatzen duena. Hitz gutxitan esanda, diseinatzaileek, beraien lana burutzeko garaian barneraturiko metodologiak erabiltzea proposatzen du, lantaldean gatazkan egoki kudeatzeko helburuz.

Irizpide edo arau orokorrak:

Design thinking prozesu batek arrakasta izateko, ondoko irizpideak errespetatzea garrantzitsua izango da:

  • Berrikuntza:arazoari irtenbide bat emateko berritzaileak diren irtenbideak topatzea proposatzen du.
  • Testuingurua aztergai: arazoa, bere testuinguruan kokatu eta horren arabera, arazoa aztertzea ezinbestekoa izango da.
  • Enpatia: azken finean, erabiltzailearen edo bestearen lekuan ipintzea bilatzen du.
  • Lan kooperatiboa: profil eta gaitasun ezberdineko pertsonak lantaldean zerbait berritzailea bilatzea da helburua, denen ikuspuntu eta iritziek, irtenbideari osatu eta borobilduko duela sinisten baitu.
  • Esperimentala: perfekzioa alde batera utzi eta prototipo sinpleekin lan eginez, benetazko irtenbideak topatzean datza.

Dena den,  metodologia hau martxan jarri baino lehen, arazo edo oztopo bat argi eta garbi identifikaturik izan eta horren gainean lan egin behar duen lantaldeak, arazoaren berri izatea oso garrantzitsua izango da, lanketak zentzua izan eta benetan baliagarria izateko.

Metodologiaren pausu nagusiak:

Design Thinking metodologia batek, ondorengo bost pausu nagusi errespetatu beharko luke:

  1. Enpatizatu: hasiera batean, bezeroarekin edo arazoaren subjektu diren pertsonekin enpatizatzea ezinbestekoa izango da. Beraren mundua ezagutu, eskura dituen beste aukerak ezagutu eta goitik behera aztertzea izango da helburua. Azken finean, bere mundua ulertzeko teknika ezberdinak garatzean zentratuko ginateke atal honetan.
  2. Definitu: Goiko atala egin ondoren, filtro antzeko bat egitean datza. Azterketan jasotako informazioa guztia ordenatu eta gure arazoa konpontzeko benetan interesgarria izan litekeen informazioarekin gelditzea bilatuko luke pausu honek.
  3. Ideatu: Behin bezeroaren edo beste pertsonaren ikuspuntua ondo ulertu ondoren, gure arrazoitzeko gaitasuna alde batera utzita, taldeak arazoari irtenbidea emateko ideien zaparrada ematea litzateke fase honetako helburua.
  4. Prototipatu: Ideien zaparrada egin ondoren, bertan ateratako ideia bat edo hainbat oinarrian hartuz, azkar, merke eta material oso sinpleekin prototipatzeko unea iritsiko litzateke. Horrela, irtenbide posibleak bete edo izan beharreko ezaugarri eta funtzio guztiak ikusteko aukera izango genuke, kontutan hartu beharreko ezaugarri bat ahazteko arriskua izan gabe.
  5. Ebaluatu: egindako prototipoa irizpide batzuen arabera ebaluatzeko edo testeatzeko unea izango da. Irizpideei dagokionez, bideragarritasun ekonomikoa, iraupena,  funtzionalitatea… izan daitezke besteak beste.

 

Eta nola ez, IRUDIMENA, SORMENA ETA GOGOAK izatea ezinbestekoa izango da prozesu guztian zehar, hori gabe ezin izango baitugu aurrera egin eta.

 

Hementxe uzten dizkizuegu, TaPuntuk, Urola Kosta Udal Elkartean gidatu berri dugun Design Thinking ikastaroko prototipoen argazki batzuk:

 

DESIGN THINKING Ikasleek zapatadenda bat berritzeko aurrera eramandako prototipoa.

 

design thinking

Ikasleek aniztasunean oinarrituriko supermerkatu baten inguruan egindako prototipoa.

 

Pentsa dezakezuen moduan, TaPuntun nahiko eroak gaudenez, argi eta garbi sinisten dugu metodologia honetan, garapen profesionalaz gain, gaitasun pertsonal batzuk garatzeko aukera ematen baitu!

Informazio gehigarria nahi izanez gero: design thinking web-orrian topatu ahal izango duzue edo gurera deituz noski!

Partekatu: