Blogs

remarketing

Remarketina, bezero izatear daudenengana heltzeko giltza

Hainbat aldiz hitz egin dugu web-orriak interneten ongi posizionatzearen garrantziaz. Aritu gara linkbuildingaz, sare sozialetan SEM kanpainak egiteaz, SEM kanpainetako komunztadura motetaz edota SEO negatiboaz. Azken finean, alferrikakoa da web-orri txukun bat izatea, hau ez bada interneten bilagarria.

Gaurkoan remarketing eta retargeting kontzeptuetaz arituko gara. Antzekoak izanagatik, badaude bien artean diferentzia esanguratsuak.

Zertaz ari zara, baina?

Remarketina, labur esanda, online marketineko tresna bat da, zeinak aurretiaz gure web-orria bisitatu duten pertsonei beste gune batzuetan iragarkiak erakustea ahalbidetzen duen.

Retargetina antzeko kontzeptua da. Kasu honetan, aldiz, estrategia oraindik eta zehatzagoa da. Gure web-orrian portaera jakin bat izan duten pertsonei beste gune batzuetan iragarkiak erakusteko teknika da. Demagun online denda bat dugula eta erabiltzaile jakin batek erosketaren azken pausoan hau bertan behera uztea erabaki duela. Retargetina erabiliz, cookie (fitxategi txiki bat) bat gorde dezakegu bere ordenagailuan eta nolabait bera identifikatu, betiere anonimotasuna bermatuz. Fitxategi horri esker, beste web-orri batzuetan nabigatzen ari denean gure iragarki bat erakutsi ahalko diogu, erosketa prozesua amaitzera animatuz. Hau eginez gero, iragarkia ikusten dutenen %26ak gutxi gorabehera erosketa prozesua amaituko luke.

Sinple esanda, honezkero gugan interesa erakutsi duen norbaiti publizitatea erakustea da bi teknika hauen oinarria.

Ados. Eta zertarako balioko digute?

Publizitatea modu eraginkorrean egin eta gure web-orriko bisitak igotzeko baliatu ditzakegun teknikak dira. SEM publizitate kanpaina orokorrekiko hamar aldiz eraginkorragoa da mota honetakoak egitea. Azken finean, publizitatea ikusten ari diren horiek lehenago nolabaiteko interesa erakutsi dutelako gure web-orri, online denda, blog, aplikazio edo dena delako plataforman.

Zein plataformak eskaintzen dute remarketina edo retargetina egiteko aukera?

Bi sistema beharko ditugu beti: Alde batetik, gure web-orriaren bisitak aztertu eta erabiltzailearen ordenagailuan cookie-ak gordetzeko gai den sistema eta, bestetik, publizitatea egitea ahalbidetzen duen gune bat.

Bi izaten dira “bikote” ohikoenak: Google Analytics/Google AdWords eta Facebook Pixel/Facebook Ads.

Lau abantaila nagusi:

  • Brandina edo marka interneten ikusgarriago egitea.
  • Konbertsioa (web-orrian ezarri ditugun helburuen lorpena) hobetzea.
  • ROI (egindako inbertsioaren eraginkortasuna) faktorea hobetzea.
  • Publiko objektiboa hobeto segmentatzea.

Hainbat eta hainbat e-marketin ekintza ditugu eskura interneten arrakasta handiagoa izateko eta hau horietako beste bat besterik ez da. Argi dago ez dela beharrezkoa kasu guztietan, baina SEM motako publizitate kanpainetan dirua inbertitzea erabaki den kasuetan, aztertzeko moduko teknika da.

Partekatu: