Sare sozialak eta pribatutasuna. Formazioak UGLE eskolan

Zumarragan kokatua dagoen Batxilergo eta Lanbide Heziketako eskola honetan, hamasei eta hemezortzi urte bitarteko ikasleei zuzenduriko formazioak eskaini berri ditugu. Eskolako zuzendari eta irakasle taldea aspalditik zegoen sare sozial eta aplikazio ezberdinen pribatutasun eta erabilpenaren inguruan arduratuta. Zenbait kasutan arazoak sortu eta ikasleen artean liskarrak egon izan direla konturatu eta egoera horren aurrean, zuzendaritza taldeak zerbait egin behar zuela argi zuen. Gai honen inguruko formazio baten beharra zutela ikusirik, TaPuntuko lantaldearekin harremanetan jarri eta bi erakundeak martxan jarri ginen elkarlanean.

Aurrera eraman nahi zuten ikastaroan ez zuten arriskuetan oinarritu nahi soilik, gaur egun bizi dugun era digitalak gure eskura ipintzen dituen aukera guztiak azpimarratzea interesgarria zela iruditzen zitzaien eta.

TaPuntuko lantaldean beraien beharrak identifikatu eta formazioan ondoko gai hauen inguruan hitz egitea zehaztu genuen:

  • Internet eta era digitalaren onurak azpimarratu genituen lehenik
  • Gaur egun norbanakoek ditugun bi identitateen inguruan aritu ginen ondoren: identitate digitala eta fisikoa.
  • Nerabeei zuzenduriko hitzaldia zenez, garrantzitsua ikusi genuen sarean topa daitezkeen arriskuen inguruan eztabaidatzea (pribatutasun galera, identitate suplantazioa, sexting edo beste pertsona batzuen irudi sexualak zabaltzea…). Eztabaidatzeaz gain, kasu errealak mahai gainean ipini genituen, nerabeek praktikan zer gerta dakiekeen argi identifikatzeko.
  • Bukatzeko, sare sozial nahiz aplikazio ezberdinek eskaintzen dituzten pribatutasun aukerak aurkeztu eta hauek konfiguratzeko zein pausu eman behar dituzten azaldu genien (Facebook, Instagram, Whatsapp eta Snapchat jorratu genituen gehienbat, UGLEko zuzendaritza taldeak ikasleek tresna digital hauek asko erabiltzen zituztela aipatu zigun).

30 pertsona inguruko ikasle taldeak sortu eta bakoitzarekin bi orduz aritu ginen gustora solasean.

ugle1

ugle2

ugle3

ugle4

Zure eskolak behar berdinak dituela identifikatu eta formazio bat antolatzeko interesa edukiz gero, jarri gure lantaldearekin harremanetan.

Harremanetarako datuak:

Mugikor zenbakia: 691 166 409

Helbide elektronikoa: info@tapuntu.eus

Zer landu dugu?
Norentzako

Urola Garaiko Lanbide Eskola