Jalgune: sare sozialen estrategia eta formazioa

Hau ez da izan Jalgune elkartearekin lan egiten dugun lehen aldia. Izan ere, beraien 25. urteurrenerako logotipoa diseinatzeaz arduratu ginen  ere eta urteetan zehar hainbat modutan lagundu diogu elkarri, elkarlanean oinarrituz. Zehazki, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa lantzen dute aisialdian.

Hori dela eta, gurekin harremanetan jarri ziren sareetan zuten presentzia hobetu eta hauei etekina ateratzeko asmoz. Lantalde saltseroa dute eta berehala hasi ginen lanean, egunerokotasunean egiten duten lan paregabea sarera eramateko helburuz.

Sare sozialen estrategia

Egingo genuen lanketaren oinarri gisa, sare sozialen estrategia garatzea izan zen zeregin nagusia. Horretarako, lehen galdetegi batean elkartearen egoera aztertu genuen. Beste gai batzuen artean, ondorengoen inguruan galdetu genien arduradunei:

  • Sare sozialetaz arduratuko ziren begiraleek hauen inguruan zituzten ezagutzak.
  • Elkartearen helburuak.
  • Elkartearen publiko ezberdinen ezaugarriak.

Erantzun hauek oinarri gisa hartuta, sare sozialetan egin zitekeen lanketaren lehen zirriborro bat prestatu eta begiraleekin egindako saio batean aztertu genuen, haien iritzi eta ekarpenak jaso eta behin-betiko dokumentua osatu ahal izateko.

Jalgune elkartea TaPuntu-rekin

Dokumentu honetan jasotako arlo nagusiak honakoak dira:

  • Sare sozial bakoitzaren helburuak
  • Publikoa
  • Hizkuntza irizpideak
  • Aukeratutako sare sozialen kudeaketarako irizpideak
  • Integrazioa, offline ekintzen garrantzia eta marka irudia
  • Egutegia
  • Jalguneko gazteen partaidetza kudeaketan

Sare sozialak egoki kudeatzeko formazioak

Behin oinarria osatuta, hainbat formazio saio burutu genituen sare sozialak mantentzeko ardura izango zuten begiraleekin. Saio hauetan zehar, sare sozial bakoitzak eskaintzen dituen aukerak modu teoriko praktikoan landu genituen.

Jalgune elkartea TaPuntu-rekin

Bestetik, Jalgune elkartearen sare sozialetako protagonista nagusiak bertako kideak izango zirela erabaki genuen. Nola ez!

Hori dela eta, hemendik aurrera, beraien ardura izango da egunerokotasunaren berri ematea (elkarrekin erabakitako formatu ezberdinen bidez).  Horretarako, beraiekin espreski burutu genuen formazio saioetako bat, hortik aurrera izango zituzten ardurak azaldu eta haietako askorentzat berria izango zen mundu batean murgildu ahal izateko.

Jalgune elkartea TaPuntu-rekin

Jarraipen txostena

Bukatzeko, urtebetean zehar jarraipen txosten bat idatziko dugu hilabetero, egiten ari diren lanaren egokitasuna aztertu eta hobekuntza proposamen zehatzak helarazi ahal izateko.

Jalgune elkartea TaPuntu-rekin

Zu ere lantalde paregabe hau beraien sare sozialetan jarraitzera animatzen zaitugu: Facebook, Instagram eta Youtube.

Zorte on bidean! Laster egingo dugu berriro topo, ziur.

Zer landu dugu?
Norentzako

Jalgune elkartea