Irunlab Merkataritza 2016

2016ko urte amaieran TaPuntuko lantaldearentzat benetan interesgarria izan den proiektu batekin ibili gara. Hain zuzen ere, Imaginacción aholkularitzako Carmen Arrazolak gidaturiko eta Bidasoa Bizirik erakundeak sustaturiko proiektuan ibili baikara.

Proiektuak Irunlab Merkataritza 2016 du izena eta bere helburu nagusia, Irungo merkataritzan berrikuntza eta sormena barneratzea da, marketin digitaleko tresnak erabiliz.

Azken finean, tresna horiek hiriko komertzio ezberdinetan aplikatzeari esker, denda parte-hartzaileen salmentak handitzea, bezeroak fidelizatzea, inguruarekin komunikatzeko kanal berriak ezartzea eta Irungo merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea bilatu nahi izan da.

Proiektuak hiru hilabete inguru iraun ditu eta hainbat fasetan banatu da:

  • Formazio irekiak: lehenik eta behin, Carmen Arrazolak zein gure lankidea den Arkaitz Sukuntzak bi formazio ireki eskaini zituzten gaiaren inguruan. Formazio hauek Irungo komertzio guztiei irekiak zeuden eta proiektu bat egoki komunikatzearen eta hau egiteko eskura dituzten marketin digitaleko tresnen inguruan aholkuak eman zituzten orokorrean.
  • Hautaketa prozesua: behin formazioak eskaini ondoren, hautaketa prozesua ipini zen martxan. Irunen komertzio bat izan eta interesa zuen orok, programan parte hartzeko aukera zuen. Jasotako eskari guztien artean, irizpide batzuk finkatu eta hautaketa prozesua aurrera eraman genuen. Hasiera batean, hurrengo fasean hamar komertziorekin lan egitea aurreikusita bazegoen ere, azkenean hamaika proiekturekin aurrera egitea erabaki genuen, beraien arteko profil ezberdintasunak oso interesgarriak baitziren.
  • Proiektu lanketa: era indibidualean proiektu arduradun bakoitzarekin lanketa saioak aurrera eraman genituen. Hasteko, Carmenekin erreflexio estrategiko bat burutu ondoren, helburuak finkatu eta estrategia horiek garatzeko Arkaitzekin biltzen joan ziren pixkanaka pixkanaka eta marketin digitaleko tresna ezberdinak aplikatzen joan ziren. Kasuan kasu, beharren arabera, bat edo beste aztertu eta aplikatu ziren. Horrez gain, paraleloki komertzio bakoitzaren kanpokaldean, totem formako euskarri bana ipini zen, dendako kontsumitzaileek beraien iritzia emateko aukera izan zezaten. Bertan, eskuliburu bat topa zezaketen galdera ezberdinekin. Adibidez, “zure ustez negozio honek interneten egoteko aukerak lituzke? zertarako?”, “interesgarria iruditzen zaizu presentzia digitala izateko?”… Azken ekintza honen ardura eta ideia Kultur Atelier Komunikazio Agentziak izan zuen, proiektuaren komunikazio alorraz arduratu baitzen.
  • Proiektu amaiera: emaitzak ikustarazi eta proiektuaren berri emateko asmoz, azken fase batean prentsaurrekoa burutu zuten parte-hartzaile guztiek, proiektuaren sustatzaile eta dinamizatzaileekin batera. Bertan, laburpen bideoa aurkeztu zuten ere.

Hementxe guk osatutako prozesuaren laburpen bideoa ikusgai, prozesuan parte-hartu duten komertzioak barne:

Proiektu aberasgarria benetan eta parte-hartzaileen garapen prozesua nabaritzeko aukera ematen duten horietakoa, gainera. Zorterik onena opa dizuegu guzti guztiei eta segi orain arte bezain ongi lanean!

Zer landu dugu?
Norentzako

Bidasoa Bizirik