Blogs

Nola hobetu web-orrien karga denbora

Nola hobetu web-orrien karga-denbora?

Jakina denez, abiada bizian nabigatzen dugu interneten. Eta are gehiago mugikorraren bidez ari bagara. Hori dela eta, oso garrantzitsua da web-orrien karga-denbora azkarra izatea. Abiadura mantso batek erabiltzailea aspertu dezake eta bisitari bat galtzeko arriskua izango dugu.

Arrazoi hori garrantzitsua da oso. Baina hori gutxi balitz, bilatzaileek web-orrien posizionamendua kalkulatzeko ere oso kontuan hartzen duten faktorea da. Esate baterako, gaur egun Google bilatzaileak web-orri bat posizionatzeko kontuan hartzen dituen 200 faktoreetako bat da hau.

Gaurko sarreran karga-denbora neurtzeko tresnen inguruan eta hau hobetzeko egin ditzakegun doikuntzen inguruan arituko.

Ezer baino lehen, zein tresna erabil daitezke web-orri baten karga-denbora neurtzeko?

Gure web-orriak hobekuntzarik behar duen aztertzea da lehen pausoa. Horretarako, sarean doako hainbat tresna ditugu eskuragarri. Esate baterako:

  • Pingdom Tools: Beste web-orri batzuekiko konparazioa egin eta 1etik 100era bitarteko puntuazio bat emateaz gain, web-orriaren karga-denbora, honen tamaina eta egin ditzakegun hobekuntza zehatzak azaltzen dizkigu. Gainera, zerbitzariari egin zaizkion fitxategi eskaera guztiak eta hauek jaisteko behar izan den denbora xehetzen dizkigu.
  • Google PageSpeed Insights: Bilatzaile erabiliena izanik, Google berak eskaintzen digun tresna erabiltzea gomendagarria da, jakiteko zein puntuazio ematen digun eta zein hobekuntza proposatzen dizkigun. Gainera, kasu honetan doikuntza posibleak bi multzotan sailkatzen zaizkigu: mugikorretako nabigatzaileei begira egin ditzakegunak edo ordenagailuetan erabiltzen diren nabigatzaileetarako gomendagarrienak.
  • GTmetrix: Tresna honen atal interesgarriena “Waterfall” izenekoa da, non web-orriak zerbitzariari egin dizkion eskaera guztien xehetasunak ikus ditzakegun. Gainera, “PageSpeed” atalean web-orriak behar dituen hobekuntzak lehentasunaren arabera sailkatzen dizkigu.

Doikuntzei ekin!

Ongi da, hobekuntzen zerrenda prest. Eta orain zer?

Lanari ekiteko garaia da. Kasuan kasu aztertu behar diren arren, web-orrien karga-denbora doitzeko garaian ohikoak izaten dira honakoak, besteak beste:

  1. Irudiak doitzea: Web-orrira igo aurretik irudiak doitzea ezinbestekoa da. Kalitate eta tamainaren arteko oreka bilatzea da gakoa. Irudiak bistaratzeko garaian hartuko duen tamaina maximoa baino handiagorik ez da inoiz igo behar.
  2. Zerbitzariaren erantzute-denbora txikitzea: Gure zerbitzariaren hornitzailea ongi aukeratzea garrantzitsua da. Zerbitzari oso merkeak badauden arren, ondoren karga-denboran eta beste faktore batzuetan eragin oso negatiboa izaten dute. Egokiena hasieratik ondo aukeratzea den arren, emaitza txarrak jasaten ari bagara, hobeagoa den batera aldatzea komeni da.
  3. HTML eta CSS kodeak minimizatzea: Web-orria garatzeko garaian alperrik erabilitako kodea “garbitzean” datza. HTML edo CSS fitxategiak murrizteko teknikak existitzen dira, alperrikako kode eta hutsuneak ezabatu eta kodea konprimatzeko balio dutenak.
  4. Nabigatzailearen cache memoria modu egokian erabiltzea: “Expires headers” izenekoek nabigatzaileari esaten diote beharrezkoa den baliabide bat zerbitzaritik jaistea edo nahikoa den aurretiaz egindako bisita batean cache memorian gordetakoa erakustea. Beti da azkarragoa nabigatzaileak gordetako bertsioa erakustea, irudia edo dena delako fitxategia berriro zerbitzaritik jaistea baino.
Partekatu: