2018/03/23

TaPuntu-ko lantaldea

Bizitzako esparru gehienetan, edozein proiektu, ekitaldi edota gertakariren atzean pertsonak daude. Horiei esker, ideiak pentsatu, antolatu eta gauzatu egiten dira. Nolabait esateko, gauzei zentzua, nortasuna eta antolaketa emateko gaitasuna dute.

Hala ere, hauen parte hartzea gehienetan erabakiorra izan arren, askotan ez dugu ezagutzen nork osatzen duen lantaldea, nolakoa den edota hauei aurpegia jartzeko zailtasunak ditugu, nahiz eta maiz beraiekin hitz egin.

Azken aldian aldiz, enpresa edota proiektuen kasuan, geroz eta ohikoagoa da lantaldea osatzen duten pertsonak nortzuk diren aipatu, erakutsi eta taldearen ideia edota iritziak agerian uztea. Hain zuzen ere, marka gizarteratzea (edota marka humanizatzea) delako kontzeptua bezala da ezaguna.

Baina, zergaitik ote da hain garrantzitsua gure markaren atzean dauden pertsonak erakustea?

Askotariko arrazoiak entzun badaitezke ere, nagusiki hiru azpimarratuko genituzke:

  1. Konfidantza: proiektua osatzen duten pertsonei aurpegia jarri eta nolakoak diren erakusteak, erabiltzaileek markarekiko konfidantza handitzea ekar dezake, argi eta garbi.
  2. Enpatia: bezeroek beraien antzeko ezaugarriak dituzten pertsonak lantaldearen atzean daudela ikusteko aukera badute, eta gainera hauen arteko antzekotasunak nabarmenak badira, markak beraien beharrak hobeto ulertzen dituenaren sentzazioa izango dute.
  3. Nortasuna: lantaldea erakusteak, taldearen nortasuna erakustea dakar. Horren ondorioz, erabiltzaileengana hurbildu eta hauek markarekiko sentsibilizazio berezi bat izatea lor dezakegu.

Nola?

Zertaz ari garen hobeto ulertu ahal izateko, hona hemen sarean topatu ditugun hainbat adibide:

LAKARI

Hementxe Lakari kooperatibako kideak beraien sukaldean lanean. Facebook-eko argitalpen honi esker, beraien produktuak nola lantzen dituzten erakutsi, eta lantaldeko kide batzuen aurpegia agerian uztea erabaki zuten, erabiltzaileengana gerturatuz.

ZUZEU

Hementxe ordea, Tolosan kokatua dagoen ZUZEU dendaren atzean dagoen pertsona agerian uzten duen ekintza ausart eta irudimentsua. Mezu sinple honi esker, aurpegia baino, sustatzaileak bere izaera agerian uztea erabaki zuen.

Bira Produkzioak

Hirugarrenik, aurten sortu berri den Bira Produkzioak -eko lantaldeko kideak beraien proiektua aurkezteko egindako deskribapen eta argazki irudimentsua ekartzen dizuegu.

Ikusten duzuen bezala, markaren atzean dauden pertsonak ikustarazteak, ez du zertan pertsonen aurpegiak erakustea ekarri behar. Bestelako ekintzen bidez, markaren atzean dauden pertsonak nolakoak diren erakusteko aukerak anitzak dira. Modu egokiarekin asmatu behar, ordea!

Zure markaren atzean dagoen lantaldea agerian uzteko prest?