Blogs

Nortasuna Sarean 2018 Izan ikusgarria

Izan ikusgarria!

Gaurko sarreran, urtero antolatzen dugun doako jardunaldi baten inguruan hitz egin nahi dizuegu, hain zuzen ere Nortasuna Sarean jardunaldiari buruz.

Lehenik eta behin,  aurreko urtean bezala, berriz ere Donostian ospatuko dugula aipatu nahi dizuegu, zehazki Koldo Mitxelena Kulturunean ospatuko dugu, urtarrilaren 24ean, arratsaldeko 18:30etan.

Aurtengo jardunaldiak ondorengo galderari erantzuna eman nahi dio: Sarera edukia igotzeko orduan nola iritsi zure publikora?

Zehazki gai hau jorratzea erabaki dugu, izan ere sarean edukia partekatzeko garaian, ondorengo baieztapena askotan entzun dugu eta: “arrakastaren gakoa ordaintzean datza!” Dena den, gure buruari egiten diogun galdera ondorengo da ordea: “ordaindu gabe posible al da ikusgarria izatea?”

Baieztapenekin jarraituz,  askotan entzun ditugun beste batzuk hauek lirateke: “ez dut denborarik”, “baliabide murritzak ditut”, “ez dakit egiten”…  Ohiko galdera hau ahaztu gabe, “Zer da garrantzitsuagoa egiten dudana edo nola egiten dudan?”

Galdera guzti hauei eta bestelako batzuei erantzuteko asmoz, sortu dugu aurtengo jardunaldia “Izan ikusgarria!” lelopean.

Jardunaldiak bi zati nabarmendu izango ditu: alde batetik bi hizlari eta bigarrenik, mahai inguru bat.

Hizlariak

Lehen zati honetan, bi adituren eskutik sarean ikusgarriak izateko gakoak landuko ditugu:

  • Xabier Iglesias Juarez
    • Nork esango zuen hamar urtez matematika eta beste irakasten aritutako biologoak web-orriak posizionatzen amaituko zuela? Deuston egindako ikasketek ibilbide profesionalean bira bat emateko balio izan zioten eta egun AuditorSEO proiektuan lanean dihardu. Bere eskutik SEO, SEM eta sare sozialetan ibiltzeko aholkuak ikasiko ditugu.
  • Nagore Cia Eizmendi
    • Berak ondo daki komunikazioaren arloa nola aldatu den azken urteotan. Bi master egin eta gero Social Media estrategietan eta Community Manager lanetan dabil Weaddit-en, hainbat enpresa eta instituzioren edukiak zabaltzen. Sarean ikusgarriak izateko gakoak ezagutuko ditugu berarekin!

Mahai ingurua

Bigarren zati honetan, benetako enpresa edo proiektu arduradunen esperientziaz ikasi ahal izango dugu:

  • Xabier Agirre Iturrioz
    • Ikasketekin burua jantzi ondoren familiako enpresan zuen esperientziak eman dio egungo ogibidea. Hamaika bokadillo zerbitzatu ondoren Juantxo Tabernaren gidari lanak ere hartu ditu berriki eta baita sarean honen nortasuna astindu ere. Baina, zertarako ote dago horrelako taberna famatu bat sarean?
  • Gloria Urkola Etxetxipia
    • Euskal trenen kalitatea zaintzen ari zela, Peruren jaiotzarekin norabide berria hartu zuen. Zarauzko MeitaiMaitie dendan eta sarean etxeko txikien eta familien beharrak asetzeko aisialdirako gunea sortzea erabaki zuen, bere bikotearekin batera. Bidean ikasten joan da sarean bizitzen, bere esperientzia ezagutuko dugu gurean!
  • David Agirrezabalaga García
    • Familiako enpresan eta arkitektura estudioan lan egitearekin ez zuen nahikoa antza! Afizioz egiten zituen marrazkiak ofizio bihurtu ostean, Mr. Wonderful-en euskal parodia sortzea erabaki zuen. Mr. Euskaldun-ek badu jada ikusgarritasuna sarean, nola lortu du ordea?
  • Zuriñe Maguregi Sanchez
    • Ez pentsa betidanik dagoenik sarean murgilduta! Izan ere, Gaztezuloko zuzendari izan aurretik hainbat euskal hedabidetan kazetari gisa ibilia da, besteak beste. Baita komunikazioaren arloan ere. Gaztezulo aldizkari bat baino askoz gehiago da, eta sarean gazteak erakartzeko erronka du. Zer egiten dute ikusgarriak izateko?

Izen ematea

Bertaratzeko interesa duenak, www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez izen ematea burutu dezake. Era berean, egunean bertan bertaratzeko arazorik ez luke izango. Partehartzea doakoa den arren, web-orriaren bitartez, izena ematera animatu nahi zaituztegu, antolakuntza aldetik, ikusle kopuruaren inguruko aurreikuspen bat egin ahal izateko. Dena den, izena emateak ez du esan nahi, leku erreserba burutzen denik, aretoa beteko balitz, iriste-ordena errespetatu beharko genuke eta.

Eman izena eta zatoz gurekin posizionamenduaren munduaz gehiago ikastera! Izan ikusgarria!

 

Partekatu: