Blogs

Wordcamp-en “Euskarazko web-orriak WordPress-en: zergatik ez?” hitzaldia eman genuen

Euskarazko web-orriak WordPress-en: zergatik ez?

Maiatzaren 12tik 14ra Bilbon ospatu zen WordCamp Bilbo 2017an parte hartu genuen TaPuntuko hiru kideek. WordCamp-ak, web-orriak egiteko WordPress teknologiaren inguruan antolatutako azoka modukoak dira, teknologia honen inguruan sortu den komunitatea bildu eta ezagutzak partekatzeko helburua dutenak. Bertan, web-orrien inguruko hainbat hitzaldi eta ikastarotaz gozatzeko aukera izan genuen eta baita hitzaldiak eskaintzekoa ere.

Bilboko WordCamp 2017-aren antolakuntza taldeak zehazki, maiatzaren 12an euskarazko hitzaldiei tartea eskaini nahi izan zien eta honako hiru hitzaldiak eskaini genituen bertan:

  • “Web-orrien posizionamenduan SEO teknikak” (Arkaitz Sukuntza)
  • “Esparru digitaletako oinarrizko legedia” (Ainhoa Iribar)
  • “Euskarazko web-orriak WordPress-en: zergatik ez?” (Mikel Olaiz)

Gaurkoan azken hitzaldi baten laburpena dakarkigu:

Euskarazko web-orriak WordPress-en: zergatik ez?

Hainbat hizkuntzatan komunikatzen den gizarte batean bizitzeak galdera bera erantzun behar izatera eramaten gaitu askotan:

Web-orria, zein hizkuntzatan?

Gurera ekarrita, galdera honakoa litzateke: web-orria euskaraz, zertarako?

Eta, zergatik ez diogu galderari buelta ematen? Web-orria euskaraz, zergatik ez?. Askotan euskaldunak munduan bakarrak garenaren leloa zabaltzen da nonahi, baina tira, gure egoeraren antzekoak dituzten ehunka adibide bila ditzakegu munduan, hizkuntzari dagokionean gutxienez. Euskaraz lan eta bizi nahi dugunak gutxiago izatea askotan desabantaila bezala ulertzen dugun arren, ezin dugu ahaztu bere abantailak dituela ere.

Hizkuntza, oztopo edo aukera?

Beti da akatsa hizkuntzak oztopo gisa ulertzea, komunikatzeko baliabide dira eta. Ezer baino lehen, zera pentsatu beharko genuke: Zein da  gure publiko objektiboa? Galdera hori modu zehatzean erantzutea lehen pausoa izango da hizkuntza irizpideak finkatzeko orduan.

Bigarrenik, gure gaitasunei begiratu beharko genieke. Kalitateko itzulpenak egiteko gai gara? Eta, era berean, edukia maiz eguneratuko bada, kalitate horri eusteko gaitasunik dugun pentsatzea komeni.

EZ GAUDE BAKARRIK! 18.317 web-orri daude euskaraz interneten (*Iturria: PuntuEUS Behatokia)

Domeinua aukeratzeko irizpideak

Behin gure komunikazio estrategiaren hizkuntza irizpideak zehaztuta, domeinu izena erabaki beharko genuke ere, web-orria garatu aurretik.

Domeinua, azken finean, gure proiektuaren nortasunaren zati garrantzitsu bat izango da sarean (domeinua aukeratzearen inguruko sarrera honetan gehiago sakondu genuen gaiaren inguruan).

Ororen gainetik, KOHERENTZIA da gakoa. Alegia, errealitatean garena komunikazio estrategiara eramatea eta web-orrian ere hau erakustea. Euskaldunak bagara, beraz, gure proiektuaren web-orriak euskaraz egon beharko luke eta, kasu gehienetan, .EUS domeinua erabiltzea izango da egokiena.

Euskal Herrian, guztira, 230.000 domeinu-izen daude erregistratuta eta, hauetatik 18.317 dira euskarazko edukia dutenak. Kopuru horren herena dago eskuragarri .eus domeinu-izen baten bidez (*Iturria: PuntuEUS Behatokia)

Lehenetsitako hizkuntza bezala euskara ezarriko dut web-orrian?

Berriro ere, gure publikoan eta helburuetan pentsatu beharko genuke eta, horren arabera, lehenetsitako hizkuntza erabaki. Kasu honetan ere, beraz, koherentzia izango da gakoa. Postureorik ez, mesedez!

Erabiltzaile bezala ere badugu gure ardura zatia. Nabigatzaileak euskaraz konfiguratzeko deia egin du PuntuEUS Fundazioak bere Interneten ere lehen hitza euskaraz kanpainari esker.

Web-orrien trafikoaren zati handi bat ez da zuzena (erabiltzaileak zuzenean nabigatzailean gure domeinua idazten duenean), beraz, lehenetsitako hizkuntzaren aukeraketa ez da drama bat. Alegia, lasai asko egin dezakegu apostu gure hizkuntzagatik, erabiltzaileak bere hizkuntza gogokoena aukeratzeko erraztasuna duen bitartean.

Beti ere, komenigarria da web-orriaren bisiten inguruko datuak lantzean, aztertu eta, horren arabera, gure estrategia doitzea.

Zein baliabide eskaintzen dizkigu WordPress-ek hainbat hizkuntzatan lan egiteko?

Aukeren zerrenda oso luzea den arren, hemen nagusienak:

  • WordPress plataforma bera euskaraz erabiltzeko aukera dago, komunitateak hau euskeraratzeko egindako lanari esker.
  • Pluginak erabil ditzakegu itzulpenak txertazeko (adibidez: WPML)
  • Txantiloien .po, .mo eta .pot fitxategiak erabiliz testu guztiak itzuli ditzakegu
  • Librezale proiektuari eta norbanakoei esker, geroz eta errazagoa da tresna euskaraz erabiltzea.

EZ AHAZTU! Ez gara bakarrak munduan, baina bai gutxiengo exotiko bat.

Ezin esan euskaraz sarean aritzea gure edukia posizionatzeko abantaila ez denik! Eman pausoa!

Hementxe ostiralean burutu genuen hitzaldiaren aurkezpen dokumentua eskuragarri:

Partekatu: