2017/04/28

Dena izan zen noizbait ezinezko

E-mail marketina entzun eta askok ez dute ezer jakin nahi. Urteak eta urteak gaizki erabili den marketin teknika bat da hau; posta elektronikoa marketina egiteko erabiltzea, alegia. Baina egia da ere, ondo egiten bada tresna bikaina dela gure bezeroen fidelizaziorako eta, nola ez, funtzionaltasunerako.

Baina zer izan behar da kontutan e-mail marketina egiteko orduan? Nola egin ondo? Marketinean estrategia oinarrizkoa da beti, beraz, estrategia on bat garatu behar dugu aurrena. Ondo pentsatu behar dugu zertarako erabiliko dugun, gure publikoaren azalean jarri eta erabilgarritasuna bilatu. Estrategia garatzeko orduan, bost gako garrantzitsu eduki beharko lirateke kontuan.

E-MAIL MARKETINERAKO 5 GAKO:

 

1. ZERRENDA EGOKIAK EGIN

E-mail marketinean garrantzitsuena datu basea da. Zerrenda ezberdinak egin behar dira, interesen arabera segmentatutako zerrendak. Gure negozioan eduki interesgarriak identifikatu behar ditugu eta nori interesatu ahal izango zaizkion pentsatu, momentu horretan zerrendaren izena pentsatu eta, azkenik, hau sortu. Zerrenda horretan sartzen ditugun pertsonek, beraiek horrela nahi dutelako egon behar dute bertan. Garrantzitsua da oso, harpidedunek modu zilegian onartu izana zerrenda horretan egotea eta, nola ez, edozein momentutan harpidetza bertan behera uzteko aukera izatea.

2. BIDALKETA MASIBORAKO TRESNA BAT ERABILI

Bidalketa masiborako tresna bat aukeratu behar da eta honi benetazko etekina atera. Edozein e-posta zerbitzu erabiltzen badugu, ez dago prest eduki erakargarria sortzeko, ezta masiboki bidali ondoren emaitzak aztertzeko ere. Bidalketa masiborako tresna ugari daude interneten, doakoak eta baita tarifa dutenak ere; MailChimp, MailRelay, Mailify… Agian erabiliena MailChimp da. Erabiltzeko erraza da eta modu eraginkorrean buletinak eta mailing kanpainak kudeatzeko tresna egokia da.

3. EDUKI INTERESGARRIA BIDALI

Edukia da nagusiena. Jasoleak espero duena jaso behar du buletinean, kalitatezko informazioa. Gaiak garrantzia berezia du erabiltzaileak ireki dezan atentzioa deitzeko, baina behin irekita, aurkitzen duena ez bada espero zuen hori, seguraski harpidetza sistematik atera nahiko du. Erabiltzailean pentsatu behar dugu beraz eta eduki hori maiztasun zehatz batekin bidali. MailChimp-ek adibidez, eta baita beste hainbat bidalketa masiborako tresnek ere, txantiloiak dituzte, modu errazean buletin erakargarriak diseinatu ahal izateko.

4. INTEGRAZIOA LANDU

Edukia interesgarria izatea ez da nahikoa. Behin edukia irakurrita, erabiltzaileari interesatzen bazaio, gehiago jakin nahi izango du seguru. Beraz, oso garrantzitsua izango da web-orrira bidea aurkitzea. Modu honetan, buletinean ikusten duten edukiaz gain, informazio gehiago jaso ahal izango dute bertan. Sare sozialetara bidea erraztu behar zaie, edukia propagatu ahal izatea eta modu honetan hedatzeko aukera zabalduz.

5. BIDALKETA EMAITZAK AZTERTU

Kanpaina bat egin eta egun batzuk igaro ondoren emaitzak aztertu beharko dira. Buletina zenbatek ireki duten ikus daiteke eta, %25ak baino gutxiagok ireki badute, zerbaitek ez du ondo funtzionatu. Era berean, buletinaren barruko esteketan zenbatek klikatu duten ere ikus daiteke eta, kasu honetan %5ak klik egitearekin nahikoa izango litzateke, interesa piztu dela jakiteko. Guzti honetaz gain, kanpaina eta gero harpidetza utzi duenik egon den ikus daiteke, datu interesgarria hau ere. Emaitza hauek aztertuta, esandako helburuetara ez bagara iristen, datu basean garbiketa egin beharko genuke, edota eduki interesgarriago batean pentsatu.

Ondorioz, e-mail marketina ondo egin eta gako hauek zainduz gero, marketin tresna bikaina da.