2018/03/02

Google SERP snippet

Urtea aldaketekin hasi du Google-ek. Hain zuzen ere, bilaketen emaitzak erakusten dituen orrian (SERP, Search Engine Results Page) moldaketak ezarri ditu.

Diotenez, aurreko urtearen amaieran hasi ziren aldaketa hauek ikusten. Eta bai, ikusten diogu, ohikoa den legez bilatzaileak ez zuelako inolako iragarpenik egin aldaketak egin aurretik.

Aldaketa abian jarri ostean, dena den, honako azalpena eman zuten:

Orain dela gutxi aldaketa bat burutu dugu. Honen ondorioz, emaitzetan erakusten diren laburpenak deskriptiboago eta erabilgarriagoak izango dira, jendeari benetan baliagarria zaiena aukeratzen lagunduz. Ondorioz, deskribapenak zertxobait luzatuko dira.

Zer aldatu da, baina?

Hainbat aldaketa txertatu dituzten arren, nagusiena snippet bakoitzaren karaktere muga luzatu izana da. snippeta emaitza bakoitza da, alegia, web-orri bakoitzaren izenburuak, URL helbideak eta deskribapenak osatzen duten multzoa.

Deskribapenaren (meta description) karaktere mugaren luzapena

Deskribapenen luzerak lehen 160 eta 180 karaktere artekoa izan behar zuen. Orain, aldiz, muga 300 karaktere ingurura luzatu dute. Alegia, bilatzaileak leku gehiago “eman” digu gure web-orri bakoitza deskribatzeko. Deskribapen hobe batek erabiltzaileek klik egitea erraztu dezake, noski.
[one_half]Gure webguneko deskribapenak honezkero moldatzen ari garen arren, bilatzaileak oraindik snippet edo laburpen zaharra erakusten jarraitzen du:[/one_half][one_half_last]TaPuntu Google snippet zaharra[/one_half_last]
[one_half]KoopFabrika-ren webgunearen baitan daukagun fitxan, aldiz, snippet berria erakusten da. Argi eta garbi ikus daiteke deskribapena luzeagoa dela eta,
beraz, bilatzaileen emaitzetan ikusgarriagoa dela bigarren hau.[/one_half][one_half_last]TaPuntu Google snippet berria[/one_half_last]

Zergatik egin ditu aldaketa hauek?

2018an SEOaren arloan egongo diren berritasunen inguruan hitz egin genuen duela aste batzuk atal honetan. Besteak beste, featured snippet-en inguruan hitz egin genuen. Geroz eta gehiago, Google-ek zuzenean bere emaitzen orrian erakusten ditu erabiltzaileek bilatzen dituzten galderen erantzunak. Eta, ziurrenik, deskribapen luzeagoak txertatzea lagungarria izango zaio horretan.

 Nola doitu dezakegu gure webgunea, aukera berriez baliatzeko?

Beti esaten dugun moduan, SEO posizionamendua etengabeko lanketa bat da. Izan ere, bilatzaileei gustatzen zaiena lortzen saiatu behar dugu uneoro. Hori dela eta, aldaketa berri honetara moldatzea komenigarria da ere.

Webgune bakoitzaren tamainaren arabera, zaila izan daiteke deskribapen guztiak moldatzea. Gure webgunean, esate baterako, 124 sarrera ditugu martxan atalean. Bi hizkuntzetan daudela jakinda, 248 deskribapen berridatzi beharko genituzke. Eta bestelako web-orriak gehitu beharko genituzke zerrendan ere.

Hori dela eta, lehentasunak jartzea komenigarria da. Horretarako, erabaki zeintzuk diren bisita gehien erakartzen dituzten web-orriak (Analytics bezalako tresnek lagunduko dizute horretan) eta doitu deskribapen bakoitza, muga berriak aprobetxatuz. 230 eta 320 karaktere arteko deskribapen bat idaztea izango litzateke egokiena.